Plataforma guztietarako denetariko generoak ikusiko ditugu datozen egunotan. Port interesgarriak datoz, gainera.

Otsailik luzeenaren ostean martxoan sartu berri gara, eta hilabeteko estreinaldi handiak ezagutzeko unea da Game Erauntsian. Argitalpen handien zaparrada jasoko dugu: estudio handiek AAA bideojokoak kaleratzen jarraituko dute, baina indie txikiek ere badute zer esan martxoan.

Dragon’s Dogma 2, Unicorn Overlord, The Outlast Trials edo Rise of the Ronin datoz, baina eurekin batera The Thaumaturge nahiz Pepper Grinder interesgarriak ere jasoko ditugu.

 

The Thaumaturge

  • Argitaratze data: 2024-03-04
  • Garatzailea: Fool’s Theory / 11 bit Studios
  • Generoa: RPG
  • Plataformak: PC

Otsaileko bideojokoen zerrendan aipatu genuen The Thaumaturge, baina 11 bit Studios argitaletxeak martxo hasierara berandutzea erabaki du azken egunotako estreinaldi handiak ikusita. RPG bitxi bezain erakargarria prestatu du Fool’s Theory taldeak: 1905 urteko Varsovia alternatibora bidaiatuko dugu.

Erabakiek pisu handia daukaten abentura honetan: munstroen zein gizakien aurkako txandakako borrokak biziko ditugu, baina hizketaldien bidez aurrera egiteko bideak azalduko zaizkigu. The Thaumaturge PCan estreinatuko da martxoan, baina etorkizunean PS5 eta Xbox Series kontsoletan ere ikusiko dugu.

 

The Outlast Trials

  • Argitaratze data: 2024-03-05
  • Garatzailea: Red Barrels
  • Generoa: Beldurra
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Ia urtebete aurretiazko sarbidean eman ondoren, Outlast barria ofizialki kaleratzeko unea iritsi da. Kutsu desberdina edukiko du Trialsek: kooperatiboki gaindi daitekeen beldurrezko lana da.

Lagunekin joka dezakegun arren, elkarri laguntzea ez da nahitaezkoa: gure esku dago. Erronka desberdinak gainditzen ibiliko gara oraingoan: proba hauen ondorioz hasi zen Outlast originaletako istorioa, beraz prekuelatzat har dezakegu.

 

Unicorn Overlord

  • Argitaratze data: 2024-03-08
  • Garatzailea: Vanillaware / Atlus / Sega
  • Generoa: JRPG, estrategia taktikoa
  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Switch

Vanillaware japoniarraren joko ederretako bat dator egunotan. 13 Sentinels maisulanaren ostean fantasiazko mundura jauzi egingo dute Unicorn Overlordekin: gure armada eratzen ibiliko gara mundu zabala esploratzen eta misio anitzak betetzen gabiltza bitartean.

Era batean Fire Emblem edo Final Fantasy Tactics bezalako jokoen bidea jarraitzen duela esan daiteke, baina arduradunek borroka sistema berritzailea agintzen dute. Doako demoan proba dezakegu, ea gure gustukoa den.

 

Hi-Fi Rush

  • Argitaratze data: 2024-03-18
  • Garatzailea: Tango Gameworks / Bethesda
  • Generoa: Hack and slash, akzioa
  • Plataformak: PlayStation 5

Xbox eta PC plataformetan estreinatu ondoren, Xbox Game Studios-en bigarren obra multiplataforma izango da Hi-Fi Rush saritua. Devil May Cry edo Bayonetta bezalako tituluen pausoak jarraitzen ditu, mekanika interesgarria gehituta: hack and slash borrokak musikaren erritmoa jarraituz biziko ditugu.

Duelu ikusgarriak, cel-shading mundu koloretsua eta doinu ikaragarriak dira nagusi Tangoren azken bideojokoan.

 

Horizon Forbidden West

  • Argitaratze data: 2024-03-21
  • Garatzailea: Guerrila / PlayStation
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC

Aloy-ren azken abentura ordenagailuetara iristeko unea da. Horizon Forbidden West bere Burning Shores espantsioarekin batera estreinatuko da PCan. Aurrekoan bezala, esploratzeko mundu ireki zabala, dinosauro zibernetikoak eta istorio sakona proposatzen dizkigu.

Nola ez, PCko bertsioa orotariko hobekuntza grafikoekin dator: bereizmenak, eskalatze ezaugarriak eta askoz gehiago prestatu dituzte PlayStationekoek.

 

Princess Peach: Showtime!

  • Argitaratze data: 2024-03-22
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: Switch

Nintendo-ren martxoko estreinaldi handiko protagonista ez da Mario, Peach printzesa baizik. Gure muxika maiteak berezko abentura jasoko du —azkena Nintendo DSan 2005. urtean estreinatutako Super Princess Peach da— saltoak, eraldatzeak eta borrokak uztartuz.

Antzezlanetik antzezlanera ibiliko gara botere berriak eskuratzen: Peach ezpataria, sukaldaria, detektibea eta askoz gehiago izango da lortuko dituen jantziei esker. Etxeko txikienei zuzendutako abentura ederra izango dela ikus daiteke bideoetan.

 

Dragon’s Dogma 2

  • Argitaratze data: 2024-03-22
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Martxoko bideojoko handia Capcom-en eskutik dator. 2013ko Dragon’s Dogma originala kultuzko obran bilakatu da azken hamarkadan, eta zaleak denbora luzez jarraipenaren zain ibili dira.

Jatorrizko lanean ikusitakoak hobetuko nahiz handituko ditu DD2k; hau da, esploratzeko fantasiazko mundu zabala eta ezpatez zein magiez jositako borroka ikusgarriak izango dira nagusi. Erakutsitako trailerrek ikaragarrizko itxura daukate, eta aurtengo titulurik arrakastatsuenetakoa izango dela dirudi.

 

Rise of the Ronin

  • Argitaratze data: 2024-03-22
  • Garatzailea: Team Ninja / Koei Tecom
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PlayStation 5

22a egun indartsua da bideojokoentzat. Team Ninjaren Rise of the Ronin itxurosoa ere jasoko dugu egun honetan: Japoniako Bakumatsu aroan barneratuko gara guk sortutako ronin (nagusirik gabeko samuraia) bat kontrolatuz.

Katana eskuan hartuko dugu, baina denetariko tresnak erabiltzeko aukera egongo da: gantxoa nahiz parapentea erakutsi dituzte egileek, besteak beste. Samuraien bila dabiltzan horientzat aproposa, zalantzarik gabe.

 

Pepper Grinder

  • Argitaratze data: 2024-03-28
  • Garatzailea: Ahr Ech / Devolver Digital
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: PC, Switch

Hilabetea ondo bukatzeko indie txiki bezain interesgarria jasoko dugu. Pepper Grinder bi dimentsioko pixel art ederraz eratutako plataforma abentura dugu: ohiko jauzi mekanikekin batera zulagailuarekin sabaiak nahiz lurra zulatzen ibiliko gara akziozko eszena zirraragarriei hasiera emateko.

Proposamenak erakarriz gero, doako demoa eskura dezakezu Steam bidez.