PS5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatu zen ostiralean. Overwatch estiloko partidak proposatzen dizkigu, doako formatuan.
Marvel Rivals abenduko estreinaldi handietakoa izaten ari da. Ez du inor ezustean harrapatuko, baina arduradunek partekatutako lehen zifrak ikustekoak dira: hamar milioi jokalarien langa gainditu dute jokoaren bizitzako lehen hiru egunetan.
Ostiralean kaleratu zuten superheroien bideojokoa PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletan, baita PCan ere. Estreinaldia arazo handirik gabe burutu zuten —harritzekoa, halako kasuak ezagututa—, NetEase estudiokoek alfa eta beta probaldiekin etxeko lanak ondo egin dituztela jakitera emanez.
Steam plataformako datuei begira jartzen bagara, Rivalsek asteburuan aldibereko 480.000 erabiltzaile batu dituela ikus dezakegu. Ez hori bakarrik: balorazio baikorrak eskuratu ditu, hurrengo zerbitzu joko arrakastatsuan bilakatzeko aukera guztiak dituela adierazita.
Zer aurkituko dugu Marvel Rivalsen? Overwatch ezagunaren klona. Hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, Marvel komikietako multibertsoko superheroiak zein superbilauak elkartzen ditu taldekako 6vs6 partidak antolatzeko. Asgard, Wakanda —espaziokoa— nahiz Klintar bezalako mapa desberdinetan ohiko erronkak edo helburuak aurkituko ditugu: guneak konkistatzen, eskolta ematen edo hau erasotzen ibiliko gara.
Misioak burutzeko pertsonaien zerrenda luzea daukagu. 33 heroi eta bilau prestatu dituzte estreinaldirako: Spider-Man, Psylocke, Otsokume, Venom, Loki, Thor, Captain America, Punisher, Scarlet Witch, Magneto, Iron Man, Black Panther, Ekaitz eta askoz gehiago ikusiko ditugu. Orokorrean, filmeetako zein komikietako izenik ezagunenak. Hiru rol nagusiren artean banatu dituzte: Vanguard (tankeak), Duelist (erasotzaileak) eta Strategist (babesleak edo sendalariak).
Tituluaren arrakasta bere formatuan dago: guztiz dohainik joka dezakegu Marvel Rivalsen. Pertsonaia guztiekin musutruk ibiltzeko aukera daukagu; gauza bera gertatzen da mapekin. Ordainpeko eduki kosmetiko ugari dago, hori bai, eta etorkizunean are gehiago gehituko dituzte. Hala eta guztiz ere, datozen heroiak doakoak izaten jarraituko dutela agintzen dute NetEasetik.
Dagoeneko hainbat filtrazio ikusi ditugu: Mr. Fantastic, The Thing, Human Torch edo Blade agertu dira sareetan. Lehen denboraldiko bilaua Dr. Doom dela ikusita, berarekin ere jokatuko dugula pentsa dezakegu. Horri lotuta, narratiba sinplea baina interesgarria ikusiko dugu heroien tiro jokoan, misio desberdinetan ageri diren bideo motzekin.
Adi ibiliko gara Marvel Rivalsekin, hortaz: egileek prestatutako oinarriak mantentzen, eta hauek eduki berri interesgarriekin sendotzen badituzte, hurrengo hamarkadan indar betean ibil daitekeen zerbitzu jokoaren aurrean egon gaitezke. Heroien tiro jokoek zutabe berria behar zutenez, une egokian iritsi da Marvelen lana; are gehiago, Concord-en porrotaren ostean.
Marvel Rivals PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan doan eskura dezakegu.
Iruzkinak