X taldeko Otsokume, Danger eta Magik aurkeztu dituzte Arc System Works-ekoek; Ekaitzekin batera egongo dira.
PlayStation eta Arc System Works taldeek Marvel Tōkon: Fighting Souls kaleratze data zehaztu dute: abuztuaren 6an iritsiko da.
PlayStation 5 eta PC plataformetan abiatuko dira Marvel unibertsoko borrokak. Oinarri bidimentsionalekin, lau pertsonaia lotzen dituzten taldekako dueluak proposatuko ditu.
Joan den ekainean ezagutu genituen superheroi eta superbilau batzuk, baina State of Play emanaldian are gehiago aurkezteko aprobetxatu dute. X taldera mugatu dira oraingoan, Otsokume, Danger eta Magik ariko dira aurretik ikusi genuen Ekaitz heroiarekin batera The Unbreakable X-Men taldearen izenpean.
Lau heroi aukeratu beharko ditugu borroka bakoitzean, baina ez ditugu zertan guztiak erabili beharko: bakarra gidatzeko aukera egongo da, gainerakoek laguntzaile rola beteta. Hortaz, duelu konplexuak sinplifikatzeko aukera eskaniko dute arduradunek, borrokalari bakarraren mugimenduak ikasita nahikoa izango baita.
Atalkako modalitatea (Episode Mode) iragarri dute, bukatzeko. “Komiki estatubatuarrak eta manga japoniarrak uztartzea” da asmoa, komiki itxurako jokalari bakarrarentzako kanpaina bideratuta.
Abuztuaren 6an argitaratuko da Marvel Tōkon: Fighting Souls PS5 eta PC gailuetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak