Komikietako superheroiak 4vs4 dueluetan jarriko ditu. PS5 eta PC gailuetan estreinatuko da 2026an.

State of Play aurkezpeneko iragarpen handia Marvel Tōkon: Fighting Souls izan da. Borroka joko zirraragarriaren atzean Arc System Works garatzaile japoniarraren, PlayStationen zein Marvel etxearen elkarlana dago.

Bi dimentsioko planoan borroka bizkorrak eta zirraragarriak agindu dituzte aurkezpen bideoan. Marvel vs Capcom sagatik haratago joanda, 4vs4 dueluak ikusiko ditugu oraingoan Iron Man, Spider-Man, Captain America, Ekaitz, Dr. Doom, Ghost Rider edo Star Lord bezalakoen artean.

Egileek aditzera eman dutenez, lau heroiko taldeak osatzea ez da zertan nekagarria edo ezinezkoa izango; hots, heroi bakarra gidatu ahalko dugu partidetan, gainerako hirurak laguntza lanetarako erabilita. Edo, adituak izanik, edozein unetan alda dezakegu pertsonaiaz, konbo hilgarriagoak egiteko. Bizitza barra bakarra egongo dela uler daiteke, baina oraindik informazio gehiago behar dugu.

Marvel etxeko heroiak zein bilauak anime estetikarekin ikusiko ditugu: aipatzekoa da Tony Stark milioidunaren Gundam estiloko armadura. Pantaila eraso bereziz eta izpiz beteko da une batzuetan, baina norgehiagoka ulerterrazak egitea da ArcSysen helburua.

Guilty Gear, BlazBlue edo Dragon Ball FighterZ zoragarrien garatzaileengandik etorrita, mailarik goreneko borroka jokoa espero da. Are gehiago, PlayStationek finantzatuta dagoela jakinda: borroka tituluen munduko zaleak zur eta lur utzi dituen erabakia, Capcomekin urte luzez burututako elkarlana modu batera hautsi egin dela uler baitaiteke.

PlayStation 5ean zein PCan ikusiko dugu Marvel Tōkon: Fighting Souls. Pixkat itxaron egin beharko da, 2026an argitaratzeko asmoa aurreratu dute-eta.