Kate Bishop iritsi da mendekatzaileen bideojokora. Bere istorio propioarekin eta bilau berriarekin gehitu da abenturara.
Joan den irailean estreinatu zen Marvel’s Avengers. Balorazio hotzak jaso zituen Marvel eta Square Enixen jokoa, eta ordutik hona bere jokalari aktiboen kopurua nabarmen jaitsi da: Steamen %96 batean jaitsi dela adierazi zuen Githyp analisi agentziak orain egun batzuk.
Hala ere jokoaren arduradunek aurrera jarraitzen dute mendekatzaileen abenturarako eduki berriekin. Prentsa ohar batekin Operation: Kate Bishop – Taking AIM DLCa aurkeztu dute. Superheroi berria, bilaua eta istorioa ekarri ditu eduki gehigarri horrek.
Mendekatzaileen artera heldu den pertsonaia berria Kate Bishop da. Filmen jarraitzaileek bere maisu Clint Barton ezagutuko dute, Hawkeye originala, baina Bishopen helburua hau erreskatatzea izango da denboran zehar bidaiatuz gainerako mendekatzaileekin batera. Istorioak oinarrizko jokoan ikusitakoa jarraituko du, izan ere.
Mota desberdinetako geziak erabilita urruneko erasoak egiteko gai da heroi berria. Arkuarekin batera ezpata eta botere bereziak eskura dauzka Bishopek: teleportatu ahal da, esaterako, mugikortasunerako zein etsaiei erasotzeko bide bezala erabilita. Super Adaptoid deitutako bilauaren aurka egin beharko dute protagonistek; Heroi guztien ahalmenak eskuratu dituen izakia izango da.
Operation: Kate Bishop – Taking AIM dagoeneko eros daiteke PC, PS4, Xbox One eta Stadi plataformetan. Arduradunek zehazten dutenez, PS5 eta Xbox Seriesetan ere jokatu daiteke mendekatzaileen jokora retrobateragarritasun bidez.
Etorkizun inperfektua
Taking AIM gehigarria estreinatuta, Crystal Dinamics etorkizunerako prestatzen ari diren edukiei buruz ere mintzatu da. Bishopen abenturaren ondoren Hawkeye bera kontrolatzeko unea helduko da.
Bere istorio propioa edukiko du, Hawkeye Future Imperfect deitutakoa. Dirudienez Hulk izango da eduki gehigarriko bilaua, bere Maestro forman: etorkizun apokaliptikoa ekarriko du horrek.
Argitaratze data zehatzik gabe, Hawkeyen DLCa 2021 hasieran kaleratuko dutela agindu dute garatzaileek.
Iruzkinak