Peter Parker eta Miles Morales superheroiak itzuliko dira bigarren abenturarako. Insomniac Games estudioa ari da jokoaz arduratzen.

PlayStationekoek beren blogean iragarri dutenez, Marvel’s Spider-Man 2 desiratua datorren urte bukaerarako merkaturatuko dute; zehazki, 2023ko udazkenerako data eman dute japoniarrek enpresako etorkizuneko jokorik nabarmenenak biltzen dituen artikuluan.

“PlayStation Studios-entzat urte bikaina izan dela” aipatu du bertan Bryan Intihar Insomniac Games estudioko sormen zuzendariak. Bere taldekideak zorionduta, 2023ra begira jarri da: “datorren urtea ere horren zirraragarria izatea espero dugu, Marvel’s Spider-Man 2 udazkenean prest egon dadin lanean jarraitzen dugun bitartean”.

Insomniac Games taldearen lan berriak bi zenbakia duen arren, frankiziako hirugarren lana dela gogoratu beharra dago; izan ere, Marvel’s Spider-Man 1ekin batera Miles Morales ere kaleratu zuten. Hori horrela, jatorrizko Spider-Man, Peter Parker, zein Miles gaztea itzuliko dira 2023ko jarraipenean.

Etsai nagusietako bat ere baieztatuta dago hasiera batetik: Venom izango da abenturako superbilaua. Berarekin batera lehen jokoko batzuek errepikatzea espero da, baina heroi araknidoaren gaizkileen ohiko zerrendatik gehiago berreskuratzea ere aurreikusten dute zaleek.

Plataformei dagokienez, PlayStation 4 kontsola guztiz alboratu dute oraingo honetan: Marvel’s Spider-Man 2 PlayStation 5eko esklusiboa izango da, hasiera batean behintzat. Gauza bera gertatuko da Insomniac garatzen ari den bigarren jokoarekin: Marvelen komikietako unibertsotik urrundu gabe, X Taldeko Otsokume ezagunaren lana garatzen ari dira Spider-Manekin batera.

Jokagarritasunaren aldetik ere antzekoa itxaroten da aramuaren kasuan: aurreko bi tituluetan egindakoa hartuta, akatsak zuzentzea eta orekatzea, mekanika txukunak eskaintzeko helburuarekin. Egia esan, 2020an argitaratu genuen lehen jokoaren analisian “atal trakets batzuk” aipatzen genituen, baina, oro har, Spider-Manek inoiz izandako abenturarik borobilena zela azpimarratu genuen artikuluan.

Marvel’s Spider-Man 2 2023ko udazkenean kaleratuko da PlayStation 5ean.