Peter Parker zein Miles Morales superheroi araknidoekin jokatuko dugu PS5-eko abentura esklusiboan.

PlayStationek eta Insomniac Games estudioak Summer Game Fest jaialdiaren aterpean jakitera eman dutenez, Marvel’s Spider-Man 2 urriaren 20an estreinatuko dute.

Bi Spider-Man superheroiak protagonistatzat izango ditu abenturak; iragarpenetik dakigun modura, Miles Morales gaztea Peter Parker jatorrizko heroi araknidoarekin batera kontrolatuko dugu, honek bere izena daraman berezko abentura eduki ondoren.

Berritasunen aldetik, ezer gutxi zehaztu dute garatzaileek. Venom bilaua lehen aldiz ikusi dugu, hori bai: irudi bakarraren bidez honen diseinua ezagutzeko aukera eduki dute Marvel argitaletxearen komiki ezagunenaren jarraitzaileek. Agerikoa denez, itxura klasikoa mantenduko du sinbiontearen zitalak.

Hori bai, oraindik ez dakigu ziur nor dagoen izaki estralurtarrarekin lotuta: ezagutzera eman dutenez, ez da ohiko Eddie Brock izango. Hala ere, jatorrizko Marvel’s Spider-Manen jokatu dutenek Venomen identitatea suposa dezakete —azkenengo eszenan agertzen zitzaigun honi lotutako jazoera—.

Peter Parkerrek ere hartuko du, nola ez, sinbiontearen kontrola. PlayStation Showcase aurkezpenean erakutsitako azken trailerrean jantzi beltzarekin ikus dezakegu aramu gizon originala. Izakiari esker abilezia berriak eskuratuko ditu, baina izaerari lotutako zoritxarreko aldaketak eragingo ditu.

Venomekin batera beste arerio nagusietako bat ere ezagutu genuen orain aste batzuk. Kraven ehiztaria —bere filmaren trailerra argitaratu zuten atzo— garaitu beharko dute Peterrek eta Milesek.

Lehenengo jokoan zein Miles Morales abenturan Spider-Manek hainbat eta hainbat jantzi desberdin zituzten desblokeatzeko. Oraingoan, ordea, hamar jantzi MSM2-ren Digital Deluxe edizio bereziekin soilik lortu ahalko direla jakinarazi dute PlayStationekoek: bost Peterrentzat eta bost Milesentzat.

Urriaren 20tik aurrera jokatu ahalko dugu Marvelen superheroi araknidoen abentura berrian. Oraingoz, PlayStation 5 kontsolako esklusiboa izango da Marvel’s Spider-Man 2.