Otsokume superheroiaren abenturak atzaparkadak eta odol mordoa batuko ditu Insomniac Games-en eskutik.
PlayStationek Marvel’s Wolverinen kaleratze data zehaztu du. Irailaren 15ean argitaratuko du PS5 kontsolan.
Berria modu laburrean eman dute, sare sozialen bitartez zabaldutako mezuarekin; hots, ez dugu bideo edo irudi berririk ikusiko.
Insomniac Games arduratuko da Marvel etxeko superheroia PS5era eramateaz, Marvel’s Spider-Man jokoekin egin bezala. Mundu irekiko proposamena alboratuko dutela dirudi, baina, oraingoan akziora zeharo bideratutako titulu odoltsua eta frenetikoa aurkeztuta. Aurreko bideoan argi utzi ziguten etsaiak guztiz trenkatzen eta suntsitzen zituen Otsokume nekaezinarekin.
Hirugarren pertsonan ariko gara komikietako toki ezagunak bisitatzen, baita Logan-en ohiko superbilauen aurka egiten ere: Mystique edo Omega Red erakutsi dizkigute, X taldea akabatu nahian ibili ohi diren Sentinel erraldoiekin batera. 2021ean aurkeztu zuten ofizialki, zinematika bakarrarekin; iaz ikusi genuen mugimenduan lehenengoz, itxura aparta erakutsita.
Iragarpena Bluepoint Games-en itxieraren kritikak apaltzeko egin dutela diote hainbatek. Ziurrenik, horren ordez Take Two-k Grand Theft Auto VIri egindako adierazpenen harira zehaztu dute Wolverinen kaleratze data; izan ere, azaroaren 19an kaleratuko dutela berretsi du Strauss Zelnick enpresaren arduradun nagusiak. Urteko mastodonteari aurre egin beharrean, PlayStationek bere estreinaldi handia astiarekin kaleratuko du.
Irailaren 15ean kaleratuko da Marvel’ Wolverine.
Lander Unzueta
Iruzkinak