Animazioei, interfazeari, soinuari edo lan etikari buruzko gomendioak eskaintzen dituzten 265 ikus-entzunezko prestatu ditu azken bi urteetan.
‘Masahiro Sakurai bideojokoak sortzeari buruz’ YouTubeko kate bikainak bideoak jasotzeari utziko dio urritik aurrera. Horrelaxe iragarri du Kirby, Super Smash Bros edo Kid Icarus frankizien sortzaileak bere sare sozialen bidez.
Sakuraik berak sortutako lanak hartuta, bideojokogintzaren inguruko aholkuak zein gomendioak eskaintzen izan ditu garatzaile beteranoak.
Bideo motz bezain dibertigarrietan, era sinplean ideia, mekanika edo denetariko gai desberdinei buruzko oinarriak eta funtsak azaltzen dira. “Zein da nire helburua? Munduko bideojokoak pixkat dibertigarriak egiteko laguntza eskaintzen saiatzea!”, azaltzen du japoniarrak.
2022ko abuztuan ekin zion bideoak prestatzeari, gutxi gorabehera, azken Super Smash Bros. Ultimate arrakastatsuaren eduki gehigarriak bukatu ondoren. DLC bidezko pertsonaia hauek aurkezteko erabilitako antzeko formatua hartzen du bere bideoetarako, hain zuzen ere.
Sakuraik sortutako bideojokoei buruz hitz egiten hasi zen, baina denborarekin bideojokogintzaren kontzeptu orokorrak landu zituen: segundoko irudien tasa, interfaze eraginkorrak, erritmoa, animazioak, efektuak, soinua, marketinga, lan etika… askotariko gaiei buruzko bideotxoak aurki ditzakegu.
Garatzaileei zein jokalariei zuzendatutako bideo benetan interesgarriak dira orokorrean; tamalgarria, beraz, ez ditugula gehiago ikusiko. Zorionez, proiektua agurtzeko azken bideo berezia iragarri du Sakuraik: “Prestatutako azken bideoa urriaren 15ean kaleratuko da. Hala ere, beranduago argitaratuko dudan atal berezian lan egiten ari naiz. Adi ibili!”.
Iruzkinak