1972. urtean hasi zen lanean Nintendo-n Gunpei Yokoi garatzailearekin batera jostailuak sortzen.
Masayuki Uemura ( Tokio, 78 urte) zendu da, Archipel eduki sortzaileak ezagutzera eman duenez. Uemura etxeko bideo-joko kontsolen hastapenez arduratu zen garatzailea da: bera izan zen Famicom zein Super Famicom ( NES eta SNES, Europan) kontsolen sortzailea eta diseinatzailea.
Gazte hasi zen jostailuak sortzen japoniarra. Chiba-ko Unibertsitate Teknologiak informatika ikasketak burutu, eta Sharp enpresan hasi zen lanean. 1972an sartu zen Nintendon, hauek bideo-jokoen munduan hasi baino askoz lehenago. Bertan jostailuekin jarraitu zuen Uemurak, Game Boy kontsola eramangarriaren sortzailea izango zen Gunpei Yokoi famatuarekin batera.
Hiroshi Yamauchi Nintendoko presidentearen dei batekin hasi zen etxeko kontsola sortzeko bidaia 1981. urtean. Mozkor zegoela hitz egin zuen presidenteak Uemurarekin (antza denez ohikoa zen langileei kopa batzuk hartu ondoren deitzen ibiltzea Yamauchirentzat); kartutxo bidez funtzionatuko zuen kontsola sortzeko eskatu zion informatikariari. Garaiko kontsola eta gailu guztiak erosi, eta denak ikertu ondoren hasi ziren NESarekin.
Famicom kontsolaren kolore gorria, kondairak dioenez, Uemurak oso gustuko zuen bufanda bati esker hautatu zuten; beste batzuk diotenez zigarro garatzaileak erretzen zituen zigarroen markarengatik aukeratu zuten gorri hori.
1983an kontsola kaleratu zutenean, Uemurak oraindik ez zuen imajinatzen honekin lortuko zuten arrakasta: funtzionatzeari utzi zioten kontsolak konpontzeko deiak hartzen hasi behar izan zenean ohartu zen benetan eduki zituzten salmentez.
Urte batzuk geroago, Famicom Disk System gailuan lanean ibili ondoren, Nintendoren hurrengo kontsola eratzeko ardura hartu zuen Uemurak: Super Famicom edo SNES. Sony-ren kontsolen aita izango zenarekin ere elkarlanean aritu zen: Ken Kutaragirekin batera aritu zen Super Nintendoan lanean.
Iruzkinak