Maiatzaren 30ean gauza bera egingo du Switch kontsolan. Esplorazioa nagusi duen retro bideojoko atsegina da.

Retro abenturak bizi nahi dituztenek titulu interesgarria jaso berri dute PCan. Master Key estreinatu du Achromi garatzaileak: Zelda klasikoen oinarriak bereganatzen dituen bit bakarreko esplorazio jokoa da.

“Esploratu sekretuz jositako mundua, borrokatu arerio ankerren aurka, eta argitu puzzleak, erantzunen bila zabiltzala”. Link-en abenturak deskribatzeko erabil daitekeen aipua da, baina oraingoan azeritxo ausart bat kontrolatuko dugu —Tunic zoragarrian egin bezala—.

Basoak, herrixkak, mendiak edo ibaiak zeharkatuko ditugu Master Keyn… baita ziegak ere! Hauek osorik esploratzeko objektu erabilgarriak bildu beharko ditugu, hori bai: gantxoak, abilezia bereziak eskaintzen dituzten oinetakoak, ezpata erraldoiak… generoko ohiko item-ak, alegia, ezustekoren batekin. Gure bidean aurkituko ditugun buruzagiak gainditzeko beharrezkoak izango dira.

Bit bakarreko estetika xumea bezain erakargarria da. Zuri-beltzezko munduak bideojokoen beste aro batera eramango gaitu.

“Sekretu mordoa” agintzen ditu Achromik: hauek aurkitzeko gogoen arabera, jokoaren iraupena bost ordutik 20 bat ordutara igo daiteke. Egilearen arabera, jokoak ez digu inolako laguntzarik eskainiko: “zure bidea aurkitu beharko duzu, eta ez dago istorioari lotutako aurrerapenik”.

Premisa klasikoa, baina gaur egun indie jokoek soilik berreskuratu ohi dutena da beraz Master Keyrena. Esan bezala, Steam plataforman eros dezakegu dagoeneko, baita demoa probatu ere. Switcheko jokalariengana laster iritsiko da, berriz: maiatzaren 30etik aurrera jokatu ahalko dute.