Jainko jokoen berpizkundea ekarri nahi du Black & White tituluen zuzendariak. PCan jokatu ahalko da.

Masters of Albion apirilaren 22an kaleratuko duela aditzera eman du Peter Molyneux sortzaileak.

22cans taldearen jokoak jainko jokoen generoa hartuko du ardatz, Molyneuxek aspaldi Black & White maitatuekin abiatutako bidera itzulita: estrategia, simulazioa, herrien kudeaketa zein dorreen defentsa mekanikak uztartuko ditu. Kokalekua Albion fantasiazko mundua izango da —ez, printzipioz ez da Molyneuxen Fable sagako mundu bera, antzekotasun ugari dituen arren—.

Oakridge herrixka txiroan hasiko dugu abentura, jainko baten rola jokatuta. Herria zein bere biztanleak kontrolatzeaz arduratuko gara, jainkoaren eskuarekin, negozioak abiatuta eta bizilagunei lagunduta: kudeaketa lanekin batera, borrokak, ikerketak eta bestelakoak biziko ditugu gidatuko ditugun herritarren begietatik.

Izan ere, egunez eraikitzen eta esploratzen ariko garen bitartean, gauarekin batera herrixka munstroengandik eta armadengandik defendatzeko unea helduko da. “Bideojokoa bi ataletan banatuta” dagoela adierazten dute egileek; horren harira, Molyneuxek bere “bizitza osoko lanaren gailurra” dela dio.

Pertsonalizazio aukera sakonak ikusiko omen ditugu: eraikinak, adibidez, nahi bezala margotzeko eta diseinatzeko bideak eskainiko zaizkigu; are gehiago, eraikin mota desberdinak batzeko eta forma berriak sortzeko sistema aipatzen dute egileek.

Horrez gain, biztanleen jantziak eta armak nahi bezala atondu, eta euren janariak prestatzeko aukerak ere azaltzen dira bideojokoaren prentsa oharrean.

Molyneuxena da izenik ezagunena, baina industriako beterano ugari batu dira 22cans taldean: Mark Healy (MediaMolecule-ko sortzailea, LittleBigPlanet, Dreams), Iain Wright (Black & White 2, Fable 2) edo Kareem Ettouney (LittleBigPlanet) aurkituko ditugu, besteak beste, Masters of Albionen lantaldean.

PCan ikusiko dugu, oraingoz, esklusiboki; esan bezala, Masters of Albion apirilaren 22an merkaturatuko da.