PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetarako prestatzen ari dira poliziaren abentura ilunak.
Remedy Entertainment finlandiarrak ospera eraman zuen bideojokoen frankiziara itzuliko dela iragarri du: Max Payne tiro jokoetan lan egiten ari dira. Zehazki, 2001eko Max Payne eta 2003ko The Fall of Max Payne berregiten dabiltza. Rockstar Games-ekin abiarazitako elkarlana dela baieztatu dute garatzaileek.
Tiroak, New York hiriko alderik ilunena, hilketak eta “bala denbora” ikusiko ditugu hortaz remake hauekin. Hirugarren pertsonako akziozko jokoak eguneratu zituen Max Paynek: jostagarritasun sinple baina ikusgarriarekin hil ala biziko tiroketetan parte hartu beharko dugu. Ikusteko dago istorioa kontatzeko komikien estetikara itzuliko diren.
Modu horretara, jatorrizko jokoek izandako antzeko garapen prozesua ikusiko dugu: originalak ere Remedyk sortutakoak dira, baina Rockstarrek argitaratutakoak. Ez zen gauza bera gertatu Max Payne 3-rekin, hau Rockstarren lana izan baitzen. Remedyren “ohiko AAA jokoa” izango da proiektua, eta akordioaren ondorioz Rockstarrek garapen, marketing eta banatze kostuak berreskuratu ondoren, Remedyk royalty-ak lortzeko aukera edukiko duela aipatzen dute prentsa oharrean.
Ez dute remakeei buruzko xehetasun handirik eskaini, “oraindik garapeneko lehen faseetan dagoela” nabarmendu baitute. Momentuz baieztatu duten bakarra motor grafikoa da: Remedyren Nortlight tresna propioarekin zaharberrituko dituzte bi titulu maitatuak. Horretaz aparte, ez dago irudirik ez bideorik; garapena luzerako doala aurreikusi beharko da beraz.
Plataformak, ordea, bai zehaztu dituzte: PCan nahiz PlayStation 5 eta Xbox Series X zein S kontsoletan merkaturatuko dituzte Max Paynen remakeak.
Iruzkinak