SNES-eko Mega Man & Bass titulutik eratorritako abileziak, mailak zein etsaiak gaineratuko dizkio zaleek sortutako bideojokoari.

Mega Man Maker zoragarriak eduki berriak jasoko ditu laster: 1.8 bertsioa azaroaren 25etik aurrera deskargatu ahalko dela jakitera eman dute garatzaileek. Dakartzan berritasun guztiak ezagutzera emateko bideo berezia prestatu dute, gainera.

MMM ezagutzen ez baduzu, Capcom-en pertsonaiaren zaleek abiatutako proiektua da; Super Mario Maker ospetsuaren oinarriak hartuta, Mega Man klasikoen mailen editorea da, baina baita bideojoko berria ere. Ez hori bakarrik: sorkuntza guztiak komunitatearekin partekatzeko bide errazak eskaintzen ditu. Honi buruz luze eta sakon hitz egin genuen orain aste batzuk argitaratutako erreportaje berezian.

1.8 eguneraketari lotutako zuzenekoa orain aste pare bat egin zuten arren, adabakiaren behin betiko data orain gutxi zehaztu dute. Uztailean aditzera eman zuten bezala, SNES kontsolan 1998. urtean kaleratutako Mega Man & Bass klasikoaren edukiak izango dira hurrengo bertsioaren izar nagusiak; hala eta guztiz ere, bestelako elementuak eta ezustekoak ere iragarri dituzte sortzaileek.

Nola ez, editorean erabili ahal izateko elementu berriak ikusiko ditugu: lurrazalak, hondoak, musika zein bitxikeriak aipatzen dira aurkezpenean. Hauek aurreko bertsioetan ikusitakoei gehituko zaizkie, edozein Mega Man klasikotan girotutako jokoak sortzeok aukera aberatsak eta anitzak eskainita.

Armak eta abileziak izango dira adabakiko beste protagonistetako batzuk. Mega Man & Basseko sei abilezia jasoko ditugu; horrez gain, etsai nagusiak ere iritsiko dira joko beretik. Pirate Man, Cold Man eta Burner Man ikusiko ditugu MMMn.

 

Game Boy-ko jokoak ere, barrura

Zorionez, hauek ez dira izango 1.8 eguneraketaren berritasun bakarrak. Ezustean, Mega Manen Game Boy kontsola eramangarrirako tituluen edukiak ere prestatu dituztela jakinarazi dute arduradunek.

Game Boyko Mega Man I, II, III eta IV lanak desberdinak ziren NESeko bertsioekin alderatuta. Beste behin, horietako elementuak erabiliko ditugu editorean, eta joko hauetako etsai nagusiak —Pluto, Punk eta Enker— nahiz armak jasoko ditugu —azken hauen kasuan, Mega Man V-ekoak izango dira—.

Berritasunak ez dira hor bukatzen, baina: argi dago MMMren sortzaileak jo eta su ibili direla adabaki berrian lan egiten. Wily doktore maltzurraren gotorlekuetako etsai nagusiak ere badatoz bideojokora. Guztira bederatzi buruzagi dira: Yellow Devil, Boobeam Trap, Kamegoro Maker, Cossack Catcher, Wily Machine 4, Dark Man 3, Dark Man 4, Big Pets eta Wily Machine 6.

Bukatzeko, ohiko oreka lanak zein hobekuntzak ere aipatu dira: besteak beste, mailak kargatzerakoan, editatzerakoan zein partekatzerakoan karga denbora murriztuak nabariko dituzte jokalariek. Tamaina handiko mapek dituzten lag arazoak zuzentzeari ere ekin diote: metroidvania estiloko maila erraldoietan jokatu ahalko dugu, beraz.

Mega Manen zein plataforma abentura klasikoen zalea bazara, ezin dezakezu Mega Man Maker galdu. Zaleek egindako obra hau ikaragarria da benetan, eta jokatzeko zein sortzeko aukera anitzak eskaintzen ditu.

Guztiz doakoa da, zelan ez, eta jokoaren webgune ofizialetik deskarga daiteke; hori bai, 1.8 bertsioan jokatzeko azaroaren 25era itxaron beharko dugu.