1.8.4 eguneratzearen argitalpenarekin batera hurrengo bertsioei begira jarri dira: txikiagoak izango dira, baina maiztasun handiagoarekin kaleratuko dituzte.
Zaleen komunitateak abiatutako Mega Man Maker proiektuak mugarri garrantzitsua zeharkatu du: sei urte bete ditu bideojokoak. Urteurren berezia ospatzeko hainbat iragarpen egin dituzte garatzaileek.
Ezagutzen ez duzuenontzat, Mega Man Maker Capcom-en heroi mitikoaren bideojoko klasikoetako elementuak hartu, eta hauekin mailak sortzeko zein jokatzeko editore sakona eskaintzen duen proiektua da. Izenarekin argi geratzen den bezala, Super Mario Maker bezalako editoreak hartzen ditu inspirazio iturritzat.
Ez hori bakarrik: sortzaileek eratutako guneak partekatzeko komunitatea ere biltzen du bideojokoak, ondoren hauetan modu errazean jokatu ahal izateko.
Orain egun batzuk, esaterako, 1.8.4 eguneraketa kaleratu zuten —eta ostean 1.8.4.1 adabakia, akatsen zuzenketekin—. Nahiz eta gehigarri txikia izan, dozenaka eduki berri gaineratzen dizkio proiektuari. Grabitate guneak dira plataforma zaleentzat erakargarrienak: jauzi handiagoak egiteko zein lurrera finkatuta zeharkatzeko tarteak eratuko dituzte, jokagarritasuna eraldatuz.
Laba elementuak inplementatu dituzte azkenik. Forma desberdinetan funtziona dezake —itxura bereziekin, gainera—, eta hau zeharkatu ahal izateko erremintak ere eskaintzen ditu proiektuak.
Oztopo eta erronka tankera hartzen duten kaxa desberdinak ere ikusiko ditugu orain Mega Man Makerren; horiez gain, Feeber karramarro robotikoak jaurtitako burbuilak erabil ditzakegu mailetan aurrera egiteko. Kontuz eduki beharko dugu putzu magnetikoekin, Mega Man erakarri zein bultzatu egingo baitute.
Azken adabakiak bestelako zuzenketak eta edukiak iragarri ditu, zelan ez: izotzarentzako funtzionaltasun berriak, arerioak, mailak apaintzeko elementuak… Hala ere, dagoeneko berritasun hauez gozatzeko aukera dugun arren, etorkizuneko edukiei begira jarri gaituzte proiektuaren arduradunek.
Seigarren urteurrena abiatzeko datozen eguneraketetan inplementatu nahi dituzten ezaugarriak aipatzen hasi dira garatzaileak. Hobe esanda, zein jokotatik aterako dituzten nabarmendu dute: Mega Man 7, 8 eta 11 tituluetako elementuak gehituko dituzte Makerren.
Eguneratzeek garapen epe motzagoak izango dituztela ere aipatu dute; izan ere, eduki gutxiagorekin argitaratuko dira, baina maiztasun handiagoarekin. Modu horretara, “baliabide berriak sarritan estreinatzeko” aukera edukiko du proiektuak.
Bukatzeko, lehiaketa abiatu dute: Robot Master etsai nagusi klasikoetatik bozkatuenaren elementuak gehituko dituzte 1.9 eguneraketan. Botoa emateko sar zaitez hemen.
Ehundaka eduki eta ezaugarri proiektu bakarrean
Aipatu modura, MMMk editore zabala eskaintzen du Mega Man klasikoetan oinarrituta nahi bezalako mailak sortzeko. 1.8 eguneraketak, esaterako, Mega Man & Bass nahiz Game Boyko Mega Man I, II, III eta IV eramangarrietako armak, abileziak, etsaiak, baliabideak eta bestelakoak sartu zizkion zaleen lanari.
Mega Manen zale amorratuenentzat bereziki egindako obra da beraz Maker. Doakoa dela azpimarratu beharra dago; hortaz, ez dago deskargatu gabe uzteko aitzakiarik. Jokoaren webgune ofizialetik deskarga daiteke 1.8.4.1 bertsioa.
Iruzkinak