Bi aste behar izan ditu Vedinad garatzaileak mugarria gainditzeko bere bigarren bideojokoarekin. PCan joka daiteke.

Indie jokoen olatuak jokalariak harrapatzen jarraitzen du, eta azkena Megabonk obrarekin etori da. Vampire Survivors ezagunaren mekanikak hartzen dituen tituluak milioi salmentak gainditu dituela iragarri du Vedinad egileak.

Duela astebete egin zuen iragarpena, eta, salmentek daramaten erritmoarekin ziurrenik saldutako aleak nabarmen areagotu dira egunotan. Megabonk irailaren 18an estreinatu zen Steam plataforman: bi aste behar izan ditu, beraz, milioira ailegatzeko.

Poncle garatzailearen VSrekin antzekotasun handiak dituela esan dugu —edo kopia bat dela, tira—, baina Megabonkek hiru dimentsioetara darama proposamena. Arerioen horda amaiezinei aurre egitea tokatuko zaigu, harrapakinak eta ekipamendua bildu ahala mailaz igota, are eraso bortitzagoak are etsai indartsuagoengan erabiltzeko: azken finean, ahalik eta denbora gehien bizirautea da helburua.

PSXko garaiko bideojokoen atal estetikoa gogora ekartzen duten grafikoekin, mugikortasuna eta askatasuna dira nagusi Vedinaden jokoan: ziztu bizian ariko gara Erdi Aroko kutsua daukaten inguruneetatik armadak akabatzen —edo hauengandik ihesean— gabiltzan bitartean.

240 misio, berezko abileziak eta estatistikak dituzten 20 pertsonaia zein denetariko sinergiak dituzten 70 arma eta objektu baino gehiago biltzen ditu, oraingoz, Megabonkek, umore eta txantxa mordoarekin. Etorkizunean are eduki gehiago izatea aurreikusten da, lehen egunetako arrakasta ikusita: gaurkotzeen ibilbide orria prestatzeko asmoa agertu du Vedinadek.

Proposamenari heldu nahi badiogu, doako demoa proba dezakegu Steam plataforman —nahiko eskuzabala, eduki mordoarekin—; bestela, bideojokoa murriztutako prezioan (9,75€) estreinatu du arduradunak.