Laugarrena PS3 kontsolatik askatzen den lehen aldia izango da. Aurreko jokoentzako hobekuntzak iragarri dituzte.
Konami-k Metal Gear Solid: Master Collection Vol. 2 aurkeztu du. Abuztuaren 27an estreinatuko den bildumak Metal Gear Solid 4: Guns of the Patriots eta Metal Gear Solid: Peace Walker eskainiko ditu, baita Metal Gear: Ghost Babel ere.
Hobekuntza grafikoekin zein eguneratutako kontrolekin iritsiko dira ordenagailuetara eta PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2 eta Switch kontsoletara. Laugarrenak are aldaketa gehiago edukitzea espero da; izan ere, PS3tik kanpo ikusten dugun lehen aldia da 2008. urtean estreinatu zenetik.
Peace Walker, bestalde, HD Collection bilduman estreinatu zen bertsioaren eguneratzea izango da, PSPko aukerak txukunduz. Ghost Babel, bukatzeko, Game Boy Color eramangarrian estreinatutako abentura da: Metal Gear klasikoenen egitura hartzen du, istorio alternatiboa eskainita.
Joko guztiak arte liburu zein soinu banda digitalarekin eta bestelako eduki gehigarriekin batuko dituzte. Itxura batean, ezingo dira jokoak banaka erosi, aurreko bilduman gertatu bezala: Steam plataforman ikus daitekeenez, bilduma osoa erosi beharko dugu.
Metal Gear Solid: Master Collection Vol. 2 abuztuaren 27an helduko da.
Metal Gear Solid nahiz Metal Gear Solid 3: Snake Eater txukunduz
Lehenengo bilduman batutako bideojokoentzako hobekuntzak ere iragarri dituzte japoniarrek. Zehazki, Metal Gear Solidek eta Metal Gear Solid 3: Snake Eaterrek eguneratzeak jaso dituzte.
Bereizmen areagotzea eta testuren kalitate maila hobetzea bilatu dute adabakiarekin: lehen MGSren kasuan, grafiko originalekin zein birmasterizatutakoekin jokatu ahalko dugu.
Adabakiak argitaratu dira jadanik jokoak erosita dituztenentzat.
Lander Unzueta
Iruzkinak