Konami-koek bildumaren plataformak banan-banan baieztatu dituzte: urriaren 24an kaleratuko dute.

Konami enpresa japoniarrak Metal Gear Solid: Master Collection Vol. 1 bildumaren plataforma guztiak iragarri ditu azkenik: PlayStation 5, Xbox Series, Switch eta PC gailuetan kaleratuko dituzte Solid Snake eta Big Boss espioien abentura klasikoak.

PlayStation Showcase aurkezpenean Metal Gear Solid Δ: Snake Eater berregitearekin batera iragarri zuten bilduma. Remake-aren kasuan zuzenekoaren ostean baieztatu zituzten plataforma guztiak, baina Master Collectiona aipatu gabe utzi zuten. Atzoko Nintendo Direct ekimenean Switcha baieztatu ondoren, Xbox eta PC plataformetako bertsioak ere iragarri dituzte.

Horrekin batera, bildumaren inguruko beste hainbat xehetasun eskaini ditu Konamik. Izarrik nagusienak Metal Gear Solid 1, Metal Gear Solid 2: Sons of Liberty eta Metal Gear Solid 3: Snake Eater izango dira.

PlayStation 2-ko bi tituluek 2011n HD Collection-ean jasotako bermasterizazioak izango dira Master Collectionean erabilitakoak. Hori horrela, areagotutako bereizmena, pantaila zabalentzako euskarria eta bestelako berritasun teknikoak erakutsiko dituzte Sons of Libertyk zein Snake Eaterrek, baita Substance nahiz Subsistence bertsio berezietako eduki gehigarrietako batzuk ere.

MGS originalaren kasuan, baina, ez dugu halakorik ikusiko. Konamikoek ez dute zehaztu, baina ziurrenik emulatutako bertsioa da bilduman jokatuko duguna. Antzekoa gertatuko da jatorrizko Metal Gearrekin.

PC-ko jokalarientzako albiste txarrak daude, gainera: Konamikoek teklatuaren eta saguaren euskarririk gabe kaleratuko dela jakinarazi dute; hori horrela, agintearekin bakarrik jokatu ahalko dugu, Steam Input edo komunitatearen adabakiak erabiltzearen aukera ahaztu barik.

Bideojokoez gain bestelako estrak eta eduki gehigarriak aurkeztuko ditu Master Collectionak. Besteak beste, biltzen dituen bideojokoen soinu bandak entzuteko erreproduzitzailea, komiki digitalak zein arte liburuak ikus eta entzun ditzakegu.

Aipatutako guztiarekin, HD Collectionean ibili zirenek argi ikusiko dute: Master Collectiona bilduma honen eguneratutako bertsioa da. Hala ere, une honetan ez dugu gaur egungo gailuetan Metal Gear Solid klasikoetan modu ofizialean jokatzeko biderik; beraz, zale amorratuenek eskertuko duten bilduma da.

Metal Gear Solid: Master Collection Vol. 1 urriaren 24an estreinatuko da PS5, Xbox Series, Switch eta PC plataformetan.

 

Gainerako atalen zain

Oraingoz aurkeztutakoak lehen bildumakoak baino ez direla gogoratu beharra dago. Ez dakigu zenbat bilduma prestatuko dituzten, baina, adibidez, Metal Gear Solid 4: Guns of the Patriots PlayStation 3 kontsolan ahaztuta geratutako bideojokoa dugu. Zorte pixkatekin hortik atera eta egungo kontsoletan eta ordenagailuetan ikusiko dugu.

MGS4rekin batera Peace Walker, Portable Ops, Acid 1 eta 2, Rising: Revengeance edo Ghost Babel bezalako tituluak bilduma berezietan biltzeko aukera ere badago.