Iaz Metal Gear Solid 2 eta 3 saltoki digitaletatik atera zituzten lizentzien arazoen ondorioz. Solid Snake-k 35 urte bete ditu gaur.
Konamiko japoniarrek jakitera eman dutenez, Metal Gear Solid klasikoak saltoki digitaletara itzultzeko lanean ari dira: “Aldi baterako ezabatutako bideojokoak berriz saltzeko prestatzen gabiltza”, adierazi dute sare sozialetan.
Izan ere, joan den urtean Metal Gear Solid 2: Guns of the Patriots zein Metal Gear Solid 3: Snake Eater saltoki digitaletatik kendu behar izan zituzten. Nabarmendu zutenez, jokook erabiltzen dituzten fitxategi historikoetan zegoen arazoa. Garai hartan ez zuten zehaztu noizko berriztuko zituzten baimenok; orain ere, data zehatza eskaini gabe geratu dira.
Hala ere, adierazpenetatik atera daiteeken daturik interesgarriena Solid Snake eta Big Boss espioien bideojokoak egungo plataformetara iristeko aukera da. Iaz ezabatutako bertsioak PlayStation 3, Xbox 360, Nintendo 3DS zein GOG plataformetakoak ziren. Kontsola horietara itzultzeak ez dauka zentzu handirik gaur egun —PC-koa kenduta—, hortaz zerbait berria prestatzen ari direla suposatzekoa da.
2011. urtean PS3rako eta 360rako Metal Gear Solid HD Collection bilduma argitaratu zuten. Zaleak antzeko zerbaiten zain daude aspalditik, plataforma modernoetan ezin baita hauetara jokatu.
Gaur, gainera, egun oso berezia da Hideo Kojima sortzaileak abiarazitako frankiziarentzat: 35 urte bete dituzte Metal Gearrek zein Solid Snakek. Urteurren berezia ospatzeko behintzat joko zaharrak berreskuratuko dituztela espero daiteke; Metal Gear Solid 5: The Phantom Pain argitaratu zenetik ez dugu ganorazko MGSrik jaso —Survive penagarria ahaztekoa da, behintzat—, eta Konami Pachinko makinetarako jokoak sortzen ibili da.
Gainera, Metal Gear Revengeance-k azken asteotan edukitako arrakasta ere nabarmentzekoa da: meme-en poderioz PlatinumGames-ek garatutako jokoa berpiztu egin da, Steam plataforman inoiz baino aldi bereko jokalari kopururik handiena elkartuta.
Konamik Metal Gear Solidi egindako aipamenarekin konformatu beharko dira momentuz zaleak.
Iruzkinak