Xbox Partner Preview aurkezpenean UE5 garapen motorearekin lortutakoak ezagutzera eman ditu Konami-k. Naked Snake-n jokoak ez dauka argitaratzerik.
Zain eduki gaituzte, baina Konamikoek azkenean erakutsi digute Metal Gear Solid Δ: Snake Eaterrek zer nolako itxura edukiko duen. Horretarako, garapen motoreari esker lortutako atal grafiko aparta izan da protagonista lehen jokagarritasun bideoan.
Bideoa atzo Xboxekoek egindako Partner Preview aurkezpenean erakutsi zuten japoniarrek; zalantzarik gabe, emanaldiako izarra.
Ez da MGS3k jasotzen duen lehen berregitea —Nintendo 3DS kontsolan kaleratutako MGS3D bermasterizazioa erdi ahaztuta geratu bada ere—, baina bai ikusgarriena. Hideo Kojima sortzailearen taldeak prestatutako Fox Engine garapen motorea guztiz alboratu, eta Unreal Engine 5 ezagunera igaro dira Naked Snake espioiaren lehen abentura handia berrirudikatzeko.
60ko hamarkadan Sobietar Batasunean kokatutako —asmatutako— oihanak, zingirak, mendiak, kobazuloak eta base militarrak ikus daitezke bideoan. Snake lokaztu egin beharko da hauek isilpean zeharkatzeko, eta horixe bera da trailerrean ageri dena: gure protagonista goitik behera zikinduko da ibaietan murgiltzerakoan edo lurretik arrastaka ibiltzerakoan. Kamuflajea itzuliko da: eszena batzuetan uniforme desberdinekin ageri da Snake.
2004an PlayStation 2 originalean argitaratutako jatorrizko jokoaren mekanikak eta jokagarritasuna mantentzen dela nabari daiteke, gainera. Ohiko mugimenduak dauzka Snakek: CQC teknikak edo amildegietatik zintzilikatzea, adibidez. Ez da tiroketarik ikusten, baina armen erabilera zer nolakoa izango den azaltzen da une batean: lehen pertsonara igaroko gara apuntatzerakoan.
Aldaketarik handiena kameraren aldetik dator. Guztiz askea izango da, ikuspegi zenitalak alboratuz; alegia, Subsistence eta MGS3D bertsioetan agertutako kamera berreskuratuko du Deltak.
Metal Gear Solid Δ: Snake Eaterrek ez dauka argitaratze datarik, eta garapenak luzera egingo duela suposatzekoa da. Plataformak bai esan dizkigute Konamitik: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein PCan estreinatuko dute.
Master Collection, arazoekin
Metal Gear zaleek beste opari bat jaso dute aste honetan; izan ere, Metal Gear Solid Master Collection estreinatu da. Bildumak hainbat joko dakartza: Metal Gear 1 eta 2 originalez gain MGS, MGS2: Sons of Liberty eta MGS3: Snake Eater originala daude.
Zoritxarrez, hainbat akats eta arazo nabarmendu dituzte zaleek. Ezohiko irudi tasak, 720p-ko bereizmena, aukera grafikoak aldatzeko menuen hutsunea… hori dela eta, Steam plataformako balorazioak kontraesankorrak dira.
Konamitik arazoak konpontzen saiatuko dituztela adierazi dute.
Iruzkinak