PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da. Argitaratze data zehaztu gabe jarraitzen du Konami-k.

Xbox-ek Tokyo Game Show 2024 azokan aurkezpena egin du gaur, eta Metal Gear Solid Δ: Snake Eater berregitea izan da ekimenaren izar nagusia. Naked Snake agentearen Snake Eater misio ezaguna —Metal Gear Soliden hirugarren jokoa, alegia— berriz biziko dugu eguneratutako atal teknikoarekin zein jokagarritasunarekin.

Aurretik ikusita genituen irudiei pertsonaia sorta zabala ezagutzera emateko bideoa prestatu dute Konamiko japoniarrek. Snakez gain, Ocelot, EVA, The Boss, Volgin, Sokolov eta beste hainbat pertsonaia mitiko ikusi ditugu itxura zaharberrituarekin.

2004an PlayStation 2 kontsolan jokatu genuen klasikoa fideltasun osoz jarraitzea da garatzaileen helburua. Nahiz eta jokagarritasuna zein grafikoak hobetu dituzten, oinarriak mantenduko dituzte, baita jatorrizko bikoizketa ere: David Hayter Snake izango da beste behin, MGSVn Kiefer Sutherland aktoreak ordezkatu ondoren.

Itxura aparta du, baina, zoritxarrez, oraindik ez dakigu noiz jokatu ahalko dugun MGS Δ honetan. Plataformak baieztatuta daude, behintzat: PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan kaleratuko da.

 

Klasikoak hobetzen

Berregitean lanean dabiltzan bitarteran, MGS originalak hobetzen jarraitzen dute japoniarrek. Joan den urteko urrian argitaratutako Metal Gear Solid: Master Collection Volumen 1 bildumak 2.0 eguneraketa jaso du ordenagailuetan, era guztietako hobekuntzak inplementatuta.

Hasteko, bereizmena areagotzeko aukera daukagu MGS 2: Sons of Liberty zein MGS 3: Snake Eater jokoetan. Orain arte 720p-ko bereizmenean soilik jokatu ahal genuen, baina adabakiarekin 1080p-tik gora eskalatzeko aukera daukagu.

MGS3rentzat kontrol eskema berriak ere gehitu dituzte, teklatuan eta saguan ardaztuz. Bukatzeko, Steam plataforman kartak jasoko ditugu jokatzerakoan.