Akzioa eta musika batzen dituen erritmo jokoa Heavy Metaletik aldenduko da. PC-an joka daiteke.
Azken egunotako jokorik irrikatuenetakoan bilakatu da The Outsiders estudioaren Metal: Hellsinger dibertigarria. Musika ardatz duen bideojokoak abestien genero bakarrari heltzen izan dio —metalari, noski—; hori aldatu egin da, modentzako euskarria heldu baita. Jokalarien edozein abesti inplementatzeko tresnak dituzte orain.
Garatzaileek jazz musikarekin erakutsi dute akziozko erritmo jokoaren funtzionamendua; hala eta guztiz ere, K-Pop, reggae nahiz disco musika erabiltzeko aukera dagoela azpimarratzen dute, beste hainbaten artean.
Hori lortzeko jarraitu beharreko pausoak azaldu dituzte beren webgunean zein Youtuben: FMOD Studio programa eta garatzaileen mod tresnak erabilita lor daitezke emaitzak.
Lehen pertsonako tiro eta erritmo jokoa da Metal: Hellsinger. Musikaren erritmoa jarraitzea ezinbestekoa izango da garaipena lortzeko: honekin sinkronizatuta tiro eginez gero, gure erasoen indarra areagotu egingo da. Ez hori bakarrik: musika ere biziagoa izango da, eta are suntsipen gehiago eragingo duzu. Modu batean, Doom eta Crypt of the Necrodancer frankizien arteko nahastea dela esan daiteke.
Metal: Hellsinger PCan estreinatu da momentuz; Steam eta PC Game Pass saltokietan eskura daiteke.
Iruzkinak