Dotemu-koek estrategia jokoaren argitalpen data atzeratu dute. Nintendo Switch-ean eta PC-an estreinatuko da.
Berri txarrak iragarri dituzte SNK-ren Metal Slug arkade klasikoen zaleentzat. Aurten kaleratzea aurreikusten zen Metal Slug Tactics interesgarria 2023ra berandutu dela jakitera eman dute; geroratzea iragarrita, ez da bestelako xehetasunik eskaini.
“Metal Slug Tactics estreinatzerakoan ahalik eta lehergarriena izateko” lanean ari direla adierazi dute Dotemuko arduradunek txio baten bitartez; hala eta guztiz ere, “eskuadroiak datozen batailetarako prest egoteko denbora gehiago behar duela” adierazi dute.
Leikir estudioak garatuko eta Dotemu banatzaileak argitaratuko duen titulua joan den urtean aurkeztu zen lehenengoz. Run and gun mekanikak alboratuta, estrategia izango da obra honen ardatza: ikuspegi isometrikoa hartuta, baina joko zaharren pixel art estetika koloretsuarekin, Final Fantasy Tactics edo Fire Emblem bezalako frankizien bidea jarraituko du, akzioa ahaztu gabe.
Horrela, Marco, Tarma, Fio eta Eri heroien rola hartuta soldaduen, munstroen edo estralurtarren aurka ariko gara. Nola ez, ibilgailuek berebiziko garrantzia edukiko dute: hauek erabilita borrokak gainditzea asko erraztuko da.
Momentuz, Metal Slug Tactics Switchean eta PCan kaleratuko dela dirudi; hala ere, ez zen harritzekoa izango etorkizunean are plataforma gehiago iragartzea.
Iruzkinak