PCan zein kontsoletan jokatu ahalko dugu run and gun saga klasikoaren spin-off abenturan.
Metal Slug Tactics azaroaren 5ean estreinatuko da. Kostata ikusiko ditugu Leikir estudioaren eta DotEmu argitaletxearen txandakako borrokak, denbora luzez isilpean aritu baitira, baina, argitalpenaren baieztapena ospatzeko, ustekabez betetako bideoa zabaldu dute.
Kontrolatzeko pertsonaia berriekin hasi dituzte iragarpenak. Ralf Jones, Clark Still eta Leona Heidern mitikoak aukeratu ahalko ditugu misioetan. Lehen biak 1986. urteko Ikari Warriors arkade bideojokoko protagonistak dira, baina hirukotea ezagunagoa da King of Fighters borroka saga oparoan egindako agerpenengatik.
Ez da Metal Slug jokoetan agertzen diren lehen aldia: Ralf eta Clark MS 6 zein MS 7 ataletan azaldu ziren. Leona, berriz, zazpigarren jokoaren hobetutako XX bertsioan kontrola genezakeen.
Hirukoteak berezko abileziak edukiko ditu, gainera: Ralfek ukabilkada lehergarriak bana ditzake; jaurtiketak dira Clarken berezitasuna; bukatzeko, Leonak klonak sortuko ditu eraso hilgarrientzat.
Run and gun mekanikak osorik alboratuko ditu Metal Slug Tacticsek. Ahaztu beraz albo korritzedun mailak eta tiroketa biziak: estrategia eta txandakako dueluak proposatuko ditu Leikirren jokoak. Horrela, Final Fantasy Tactics bezalako lanen antzeko dinamikak ikusiko ditugu: ikuspegi isometrikoarekin, heroi talde anitza gidatuko dugu misio desberdinetatik zehar.
Hauek lauki sarean mugituko dira, eta eraso arruntak nahiz abilezia bereziak erabiltzeko aukera edukiko dute arerioak garaitzeko. Nola ez, Metal Slug sagako ibilgailu desberdinak gidatuko dituzte.
Originalak omentzen dituen pixel art atal estetiko ederrarekin, arkade frankizia berpizteko bide egokia izan daiteke Tactics. Laster ikusiko dugu, esan bezala: azaroaren 5ean PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switch kontsoletan estreinatuko dute.
Iruzkinak