4K-ko bereizmena, 60 irudi segundoko tasa eta raytracinga gaineratuko ditu.
Joan den urte bukaeran 4A Games estudioak bere Metro Exodusek PlayStation 5 eta Xbox Seriesetarako bertsioa izango zuela baieztatu zuen. Garatzailearen blogean argitaratutako artikulu batean bertsio hobetu honek ekarriko dituen berrikuntzak zehaztu dituzte.
Belaunaldi berriko kontsolen kasuan 4K-ko bereizmena, 60 irudi segundoko tasa eta raytracinga izango dira aldaketa esanguratsuenak atal grafikoari dagokionez. Karga denbora murriztuak ere nabarmendu ditu 4A Gamesek kontsola berrien SSD disko gogorrei esker. Bestalde, 4K bereizmeneko testurak eta audio espaziala aipatu dituzte berritasunen artean. PS5aren Dual Sense agintearen ezaugarri bereziak aprobetxatuko dituzte Exodusekin. FOVa aldatzeko aukera gaineratzeko lanean ere ari dira.
Xbox Series Sri dagokionez 1080p-ko bereizmenera jokatu ahal izateko helburua daukate garatzaileek. Halere, 60 fps-ak eta raytracinga mantenduko dituztela agindu dute.
Aurreko kontsoletan jokoa erosi dutenentzat doakoa izango da bertsio berri hori. Xboxen kasuan, Smart Delivery bidez emango diote euskarria. 2021ean zehaztu gabeko data batean kaleratuko dute jokoa kontsola horietarako.
PCko jokalariek ere bertsio hobetua jasoko dute. Metro Exodus PC Enhanced Edition deituta, kontsoleko bertsioetarako aipatutako hobekuntzekin batera hainbat ezaugarri berri jasoko ditu. Ray tracing aldetik ezaugarri aurreratuak izango ditu Enhanced Edition honek, eta Nvidia txartel grafiko berrienekin DLSS 2.0 funtzioa erabili ahal izango da. Ordenagailuen kasuan ere, jatorrizko jokoa daukatenek doan jasoko dute hobetutako bertsioa.
Metro Exodus PC Enhanced Edition udaberri honetan kaleratuko dute.
Iruzkinak