Editore osoa prestatu dute ukrainarrek: era guztietako elementuak aldatzeko ahalmena eskaintzen du. Doakoa da, baina ezinbestekoa da tiro jokoa instalatuta edukitzea.

Albiste onak mod sortzaileentzat. Metro Exodus ikaragarria goitik behera eraldatzeko baliagarria den Exodus SDK software garapen kita zabaldu berri dute 4A Games Studioko kideek.

“Moden euskarria nahi duzuela entzun izan dugu, eta, egia esan, betidanik eskaini nahi izan dugu, baina ez da posible izan orain arte”, diote ukrainarrek beren webgune ofizialean. Zaleek orain arte beste bide batzuk erabili izan dituzte eraldaketak sortzeko, baina Exodus SDKrekin aukerak zeharo areagotuko dira eskaintzen dituen laguntzengatik.

“Ez da oinarrizko moden euskarria”, diote 4A Gamesekoek, “gure editore osoa eskaintzen gabilzkizue”. Diseinatzaileek, artistek edo animatzaileek erabili dezaketen guztia dago zaleen eskura. Hori horrela, aparteko bideojokoak sortzea posible izango da, eraldaketa sinpleetara mugatu beharrean. Tresnak, gainera, erabilera errazteko tutorialak dakartza, baita Metro Exodusen maila erraldoietako bat, probak egiteko eta ikasteko. Are gehiago, gida zabala prestatu dute wiki formatuan.

Eszenen editorea, modeloen ikuskatzailea eta editorea, nabigaziorako erremintak, partikulen sortzailea, lurrazala nahiz eguraldia eraldatzeko tresnak, zinematikak nahi bezala sortzeko kamerak, eta, azkenik, script-ak sortzeko lanabes bisuala dakartza Exodus SDK-k.

Bukatzeko, Mod.io webgunearentzako euskarria gaineratu dute: modu horretara, sortutako modak era errazean parteka eta zabal daitezke.

Nola ez, guztiz doakoa da. Erabiltzeko, ordea, ezinbestekoa izango da Metro Exodus edo Metro Exodus Enhanced Edition edukitzea PC-an; izan ere, jokoa bera erabiliko du tresnak funtzionatzeko. Steam, GOG zein Epic Games Store saltokietako bertsioetarako prestatu dute software kita.

 

Etorkizunera begira

Aipatu modura, 4A Games Studio ukrainarra da. Garatzaileetako askok gerra bizi dute: webguneko azken artikuluan aipatzen dutenez, hildakoak egon dira taldean. Familia eta lagunak ere hilik edo zauriturik daudela azpimarratzen dute sortzaileek.

Hala eta guztiz ere, hurrengo proiektuetan lanean jarraitzen dutela aldarrikatu dute ukrainarrek. Gerrak euren ikuspegia aldatu egin duela diote, eta horrek datozen bideojokoetan eragina edukiko duela adierazi dute. “Metro sagak beti zabaldu du gerraren aurkako mezu politikoa”.

Une honetan bizitakoak, dena den, hurrengo Metrok kontatu behar duen istorioa zer nolakoa izango den zehazteko balio izan die: “Metrok jorratutako gai guztiak —borroka, botorea, politika, tirania, errepresioa— gure egunerokotasunean azaltzen dira orain. Beraz, hauek guztiak hartu eta jokoan ehuntzen gabiltza helburu berri batekin.