35 urte beteko ditu aurten Samus Aranek. Nintendoren bideo-joko frankiziarik zaharrenetako eta ezagunenetako bat da Metroid, eta zaleak bideo-joko berri baten zain daude aspalditik. Sagaren etorkizunari buruzko albisteak itxaron bitartean, baina, N Handiaren gainerako jokoengandik urruntzen diren obra hauen iraganari begirada bat botako diogu jarratzaileen artean benetan berezia izan zen aro bat gogoratuta. Game Boy Advancearen merkaturatzeak Metroiden berpizkundea ekarri zuen Samusen azken bi dimentsioetako abentura benetan bereziekin batera.

Nintendoren saga klasikoen artean hainbat dira azken urteetan jokorik jaso ez dutenak. Horien artean aurkitzen da Metroid: 2017an kaleratutako Samus Returnsetik ez dugu Samus Aran espazioko gerlariaren abentura gehiago bizitzeko aukerarik eduki. Mercury Steamek 3DSrako lana iragarri zuen egun berean Metroid Prime 4 prestatzen ari direla jakitera eman zuten Nintendokoek, baina ordutik hona garapen prozesuan arazoekin aritu direla baino ez dugu jakin zaleok.

Switcherako bideo-jokoaren garapenak aurrera jarraitzen duen bitartean, Metroiden 35. urteurrena iristear da: 1986ko abuztuaren 6an estreinatu zen Samusen jatorrizko abentura Nintendo Entertainment System kontsolan. Urtemuga honek beste batekin kointziditzen du. Izan ere, Game Boy Advance kontsola eramangarriak 20 urte bete ditu martxo honetan.

Kontsola horrek Metroid saga berpizteko balio izan zuen Retro Studiosen Metroid Prime sagarekin batera. GBAk jaso zuen Samusen lehen abentura, Metroid Fusion, 2002ko azaroaren 17an argitaratu zen lehen aldiz (AEBetan, kasu honetan); Gamecubean merkaturatutako lehen hiru dimentsioko Metroid egun berean estreinatu zen.

Prime jokoek Metroid hiru dimentsioetara era ezin hobean eraman zuten arren, zale beteranoenek jatorrizko bi dimentsioko abenturak faltan botatzen jarraitzen dute. Metroidek hasitako azpigeneroak inoiz baino indar gehiago dauka gaur egun, baina halere Nintendok ez du bere jatorrietara itzultzeko gogorik erakusten. Azken joko klasiko horiek gogoratzera gatoz beraz, oinarrizko mekanika berberak mantenduta elkarren artean oso desberdinak ziren bi abentura eratu baitzituen Nintendok.

 

Metroid Fusion eta oinarrien aldaketa

Lehen esan bezala, Metroiden berpizkundea 2002an gertatu zen GBArako Fusionekin. Kartutxoa kontsolan sartu eta hau piztu bezain laster argi uzten du saga nagusiko jokoen parte dela: Metroiden laugarren atala dugu hau, Super Metroiden ikusitakoaren jarraipena baita. Metroiden sortzaileetako eta zuzendarietako bat den Yoshio Sakamotoren hitzetan, Game Boy Color kontsolak “indar gutxiegi” zeukan SNESerako Super Metroid kaleratu ondoren sagaren hurrengo jokoa kaleratzeko. GBA 2001ean merkaturatu zenean, baina, kontsola eramangarri berriarekin lan egiteko gogotsu agertu ziren sagaren arduradunak.

Metroiden diseinuan, mekaniketan eta narratiban aldaketa handiak gehitu zituen jokoa da Fusion. Halere, nabarmena egiten den lehen aldaketa nagusia Samusen Power Suit jantziak duen eraberritzea da. Garatzaileek Sakamotori Samusen itxura guztiz aldatzeko eskatu zioten, “denbora luzez berdin mantendu baizuten”. Diseinu berria bai, baina jostagarritasun elementu berriak gehitzeko balioko zuena eratzea eskatu zuen Sakamotok. Horrela jaio ziren Fusion eta bere ezaugarri nagusia izango zena.

Sakamotoren taldeak argi zeukan: Metroid “jokatzeko errazagoa izatea” nahi zuten.

Abentura honetan Samusek bere botere guztiak galtzen ditu… ohi bezala. Kasu honetan, baina, pisuzko arrazoi baten ondorioz geratzen da indargabetuta protagonista: X deitutako parasito hilgarri batek bere trajea guztiz hondatu eta ia Samus akatzea lortzen du. Metroidengatik eratorritako txerto batekin lortzen du espazioko federazioak Samus salbatzea, trajearen zati osoak kendu behar dituzten bitartean. Hori horrela, Samusek Metroid baten itxura organikoagoa daukan jantziarekin hasten du bideo-jokoa.

Aipatutako ezaugarri nagusia X parasitoen aldetik dator. Metroidak dira parasitoaren harrapakari bakarrak, eta beraz txertoari esker Samusek berbera egiteko ahalmena eskuratzen du: hau benetan erabilgarria izango da, jokoan aurkituko ditugun etsai guztiak (edo gehienak) parasitoak mimetizatutako organismoak izango baitira. Beraz, arerioak akatzerakoan parasito formara itzuliko dira bizitza, arma, eta kasu berezi batzuetan, ahalmen berriak eskainita.

Esan bezala X-k organismoak mimetizatzen ditu, eta kopiatutako izaki bizidunen artean dago gure protagonista. SA-X izeneko arerioa bideo-joko osoan zehar Samusi segika ibiliko da, abenturari beldurrezko kutsua emanik. Izan ere, etsai honekin topo egiterakoan ihes egitea baino ez dugu izango: espazioko gerlariaren botere erabili ditzake parasitoak, berari aurre egitea ezinezkoa izanik.

Oinarrizko jostagarritasuna eta mekanikak Metroiden zaleek ondo ezagutzen dituztenak dira: elkar konektaturiko guneetan banatutako mapa zeharkatu beharko dugu hemen. Hasiera batean bisitatu ditzakegun gelak oso urriak izango dira, baina Samusen botere berriak lortzen joan ahala gero eta leku gehiagotara iritsi gaitezke. Halere, Fusionek metroidvania jokoen zalerik porrokatuenentzat ia-ia pekatua den ezaugarria gehitu zuen: lehen jokoetan inolako gidarik gabe aritzen ziren jokalariak, eta beraien esku zegoen aurrera egiteko bidea zein den asmatzea. GBAko joko honetan, baina, askotan jokoak berak gidatuko gaitu, bai Samusi aginduak ematen dizkion adimen artifizialaren eskutik eta baita mapan markatutako laguntzengatik.

Sakamotoren taldeak argi zeukan: Metroid “jokatzeko errazagoa izatea” nahi zuten. Super Metroiden kokalekuak esploratuta aurkitzen zen jarraitu beharreko bidea; askotan kanporaketa hutsagatik zekiten jokalarik nondik joan behar ziren. Zuzendariak aipatzen duenez, “hori garatzaileentzako zein jokalarientzako arazoa zen”. Horregatik oraingo jokalariek “ulertu eta jokatu nahi zuten” jokoa eratzea zen taldearen helburua, aldi berean “bideo-jokoen diseinatzaileak izatearen buru-estimua galdu gabe”.

Hurrengo egitekoa non dagoen agertzen bada ere, horra heltzeko bidea ez da beti aurkitzeko erraza izango. Ezkutuko bideak bilatzen ibiliko gara uneoro, eta askotan mapatik desbideratze erraldoiak hartu beharko ditugu helmugara iristeko. Hori horrela, narrazioaren bidez jokalariak gidatu eta jokatzekoa errazagoa izan arren “metroid kutsu hori mantentzea lortu” zutela uste du Sakamotok.

 

Erroetara itzultzeko erabakia

Fusionen ostean, baina, Metroiden erroetara itzuli ziren bete-betean: istorioa alde batera utzita lehen jokoen mekanikak hartu zituzten berriz Samusen lehen abentura birsortuta. Metroid: Zero Mission NESeko lehen jokoaren remakea kaleratu zuten 2004ko lehen hilabeteetan.

Hasiera batean Fusionen motor berberarekin egindako remake fidela dirudien arren, zaleek jatorrizko jokoarekin hainbat desberdintasun, txiki zein handi, dituen jokoarekin topo egingo dute. Lehen aldaketa esanguratsua maparen aldetik dator: askotariko aldaketak jasan ditu Zebez planetak Zero Missionen, eta horrez gain mapa edozein unetan ikusteko aukera daukate jokalariek. Gaur egun oinarrizko ezaugarria bada ere, NESeko Metroidek ez zuen mapa errepasatzeko aukerarik.

Kokaleku berriak ikusiko ditugu hemen, eta horietan joko originalean ez zeuden Samusentzako ahalmenak aurkituko ditugu gainera. Kokalekuetatik aurrera egiterakoan asko eskertzen den boterea dago horien artean, Power Grip izenekoa. Horrekin Samusek ertzetan eusteko aukera irabaziko du, plataforma sekzioak asko erraztuta.

Espazioko piraten buruak diren Ridley eta Kraid akatzea izango da berriz Samusen helburu nagusia, ondoren Mother Brainen aurka egin eta Metroid guztiak suntsitzeko asmoarekin. Baina remakea ez da hor geratzen, eta jatorrizko jokoa Metroid 2 jarraipenarekin batzen duen atala eratu zuten garatzaileek. Jostagarritasuna guztiz aldatzen da hortik aurrera, ezkutuan aritzeko guneekin. Horrela izan arren, jokoaren amaiera apoteosikoan Fusionen horrenbeste beldur ematen duen SA-X bezala sentiaraztea zen Sakamotoren taldearen helburua, eta hori benetan lortzen du Zero Missionek, Samusen kondairari hasiera emateko azken atal ezin hobea eratuta.

Aipatzekoa da Game Erauntsiaren komunitateak Metroid: Zero Missionekin egindako lana. Izan ere abentura hau euskara hutsean jokatzeko itzulpen lan aparta egin zuten 2016an. Samusen lehen abentura hau euskaratzeko beharrezko fitxategiak euskaraz jokatu daitezkeen jokoen zerrendan aurkitu daiteke.

 

Metroid 2ren galdutako remakea

Spriteak alde batera utzi zituen arren, lehen aipatutako Metroid Samus Returnsek bi dimentsioetako jostagarritasuna mantentzen du hiru dimentsioetako atal grafikoarekin. Mercury Steam estudio espainiarra hautatu zuen Nintendok lan hau Nintendo 3DSrako prestatzeko. N Handiak ez zuen taldea ausaz hatutatu, aldez aurretik genero berbereko joko ezagun bat garatu zuten kontsola eramangarrirako beste estudio japoniar batekin elkarlanean: Castlevania: Lords of Shadow – Mirror of Fate.

Samus Returns Game Boyrako bigarren Metroiden remakea zen: hainbat elementu aldatu eta berriztatzen zituen Mercury Steamen bideo-jokoak. Metroiden jarraitzaileek gogo handiz hartu zuten remake hau, baina urtebete lehenago kaleratu zen zaleek egindako joko beraren beste remake bat, Another Metroid 2 Remake. Kasu honetan bai, bi dimentsioetan kaleratutako azken Metroid abentura dela esan daiteke.

DoctorM64 ezizenarekin ezagutzen den Milton Guastiren hamar urteko lana da AM2R. Jokoa 2016an sareetatik zabaldu eta hiru egunetara, baina, deskargatzeko esteka guztiak ezeztatzeko agindua jaso zuen Nintendotik. Halere zaleek remake bikain honetara jokatzen jarraitzeko bideak sortzen jarraitu izan dute, eta akatsak zuzendu zein ezaugarriak gaineratzen dituen eguneraketak ere jaso izan ditu AM2R-k.

Jatorrizko jokoan Samusek zeukan helburu berbera bete beharko dugu remakean: metroid izakiak guztiz suntsitzea. Unibertsoarentzako arrisku handiegia bilakatu baino lehenago, Samus Aranek Federazio Galaktikoaren aginduz horien iturburura bidaiatuko du: SR388 planetara.

Bideojokoan aurrera jarraitu ahal izateko area bakoitzeko metroid guztiak hiltzea besterik ez dugu izango. HUDeko goiko aldean azalduko zaigu ari garen gunean bizirik geratzen diren metroid kopurua, eta hau zerora iristean SR388ko area berri batera iritsi ahalko gara.

Horrek ez du esan nahi ez dela esploraziorik egongo, metroid guztiak aurkitzeko ohi bezala ahalmen berrien bila ibili beharko baita. Horiek eskuratzeko hainbat arrisku eta etsai gainditu beharra izango dugu, metroidak ez baitira Samusek aurkituko dituen oztopo bakarra izango. Eskuratzeko izango ditugun abilezia hauek ezagunak egingo zaizkigu: Charge Beam, Speed Booster, Screw Attack… Ez dugu ezustekorik izango alde honetatik.

Jokoa 2016an sareetatik zabaldu eta hiru egunetara, baina, deskargatzeko esteka guztiak ezeztatzeko agindua jaso zuen Nintendotik.

Hala ere, Samusek trebezia eta mugimendu berriak izango ditu hobekuntza hauekin batera: adibidez, gure izpia kargatuta dugularik morphball modura pasatuz gero, bonba mordo bat jaurtiko dugu. Bonba hauek gorantza jaurtita hauen zutabe bat eratuko dugu, Samusek hauekin salto eginez leku helezinetara iristeko. Mugimendu sinpleagoak ere izango ditugu: alde batera begira gaudela “moonwalka” egiteko aukera izango dugu, etsaiengandik urruntzerakoan hauei tiro egiten jarraitzeko aukera izanik horrela.

AM2R-k jatorrizko jokoaren mapa hartu eta zabaldu egiten du: ikusiko ditugun kokaleku gehienak berregindakoak dira, baina gune berriak ere badaude, puzzle eta oztopo propioekin. Aniztasun handia daukagu remake honetan, area bakoitzak bere giropen, estetika, etsai eta soinu-banda ditu-eta.

Metroiden zaleek ahal izanez gero jokatu behar duten abentura da hau. GBAko atal grafikoa hartu eta hobetuta, Nintendoren jokoen parean dagoen lana da AM2R. Samus Returns remake aparta den arren, kutsu klasikoagoa jarraitzen du Guastiren eta bere taldearen obra honek, eta ziur asko metroidvanietara sagaren lehen jokoekin murgildu ziren horiek gehiago gozatuko dute zaleen remake honekin.

 

Metroid Prime bi dimentsioetara ekartzeko proiektua

AM2R bi dimentsioetan estreinatutako azken Metroid abentura dela nabarmendu dugu lehen, baina zaleek garatutako beste antzeko proiektu bat ere ezagutzera eman beharra dago nahitaez. Kasu honetan orain hamabost urte prestatzen hasitako lana da: Prime 2D-k Retro Studiosen lehen hiru dimentsiotako Metroid Prime beste ikuspegi batetik irudikatzeko helburua dauka.

Team SCU deitutako zaleen taldea 2004an hasi zen abentura hau eratzen. Proiektuak bost programaitzaile nagusi desberdin ezagutu ditu ordutik hona, eta “ehundaka boluntario” aritu izan dira errekurtsoak sortzen.

Hori horrela, Metroid Primen ikusitakoa berregin eta aldi berean elementu propioak gehitzen aritu izan da Team SCU. Hilabete honen hasieran, hain zuzen ere, proiektuaren lehen froga zabaldu dute sarean. Bertan Tallon IV planetako lehen guneak bisitatu daitezke zerotik egindako atal grafikoarekin eta jostagarritasunarekin.

Jokatzen hasi eta jarraian PCrako jokoa dela nabariko dute jokalariek. Izan ere, tiro egiteko zein eskaneatzeko sagua erabili beharra dago; Samus Returnsen gertatu antzeran gure protagonistak nahi duen lekura tiro egin dezake, baina Prime 2D-ren kasuan ez dago gelditu beharrik hori egiteko.

Demoan ikusitako atal grafikoa ikaragarria da, eta bi dimentsioetan egon arren Tallon IVko azala zein Chozoen hondakinak jarraian ezagutuko dituzte joko originala gainditu zutenek.

Jokatzen hasi eta jarraian PCrako jokoa dela nabariko dute jokalariek. Izan ere, tiro egiteko zein eskaneatzeko sagua erabili beharra dago.

Garapenak dagoeneko hamabost urte iraun dituen arren garatzaileek azken urteetan garapen prozesua bizkortu dutela nabarmendu nahi izan dute. Halere, orain proiektua publikoa dela ikusteko dago Nintendok hau bertan behera geratzeko ahaleginik egingo duen. Dena dela proiektuak zer esana izan du bideo-jokoen webgunen eta foroetan, eta bi dimentsioetako Metroid abentura berri batentzako ilusioa piztu du zaleen artean.

Metroid Prime 4 zer nolakoa izango den jakiteko faltan, sagaren jatorrietara itzultzeko une aproposa da Nintendorentzat. Samusek 35 urte beteko ditu aurten, baina berak hasitako azpigeneroaren gero eta joko gehiago ikusten ibili gara azken urteetan. Hollow Knight, Dead Cells edota Blasphemous bezalako lanek lortutako arrakastak argi utzi du Metroid klasikoentzako lekua dagoela oraindik, eta zaleek metroidvania generoa eratu zuen saga bere erroetara itzultzea eskertuko lukete.