Gaurko egunean Gameboy Advance kontsolako Metroid Zero Mission gehitu dezakegu Game Erauntsiaren amaitutako jokoen itzulpen-zerrendara, Super Mario Bros eta Alex Kiddekin batera. Orain arte BETA bertsioan egon da eta azken ukitu batzuk eman ostean lortu dugu amaitzea.
Joko hau NESeko Metroid originalaren remake bat da. Jokogarritasuna asko hobetzen du, garai berrietara moldatuz, eta jokoaren edukia bikoiztuz. Partida lehen aldiz amaitu ondoren, Metroid originala desblokeatzen da, bi bertsioak zuzenean konparatzeko aukera emanez.
Joko honetan, Samus Aran sari-ehiztariaren paperean sartzen gara. Bere eginkizuna, Espazioko Piraten basean infiltratzea eta hauek garaitzea da, unibertsoa konkistatu ez dezaten. Bere abentura laberinto erraldoi batean aurrera doala, Samusek arma desberdinak lortuko ditu, eta bere botere-jantzia hobetu.
Partidak gordetze nahi dugun galdetzen digunean, gezi batek eremu huts batera markatzen du. Ez larritu, ezkerraldean sakatu baiezkoa emateko, eta eskuinaldean ezezkorako. Itzulpenerako erabilitako tresna ez da perfektua, eta gordetzeko testuetan arazoak ematen ditu itzulpena egitean. Beste akatsen bat edo topatzen baduzue, komentatu eta ahalik eta lasterren zuzenduko dugu.
Jokoa euskaraz jolastu ahal izateko, IPS fitxategia eta bertsio amerikarraren ROMa beharko dituzue. Beste jokoekin bezala, Lunar IPS edo Lazy IPS erabili dezakezue IPS fitxategia ROMera txertatzeko.
Disfrutatu jolasten! Eta anima zaitezte zuek ere itzulpenak egitera! Foroko atal honetan duzue tresna hauei buruzko informazio gehiago.
Iruzkinak (1)
Iban Lantxo May 20, 2016, 3:21 p.m.
Oso lan profesionala, Ander! Zorionak!