Samus Aran motozikleta gainean jarriko du gune zabalak esploratzeko. Lehen pertsonako 3D abenturen itzulera izango da.

Metroid Prime 4: Beyond desiratuak argitaratze data jaso du azkenik. Abenduaren 4an kaleratuko dela iragarri du Nintendo-k azken Direct emanaldian.

Samus espazioko ehiztariaren 3D abenturen itzulerak ezusteko txikia utzi digu trailer berrian. Motozikleta futurista gidatuko du oraingoan gure protagonistak, Viewros planetako eremu zabalak zeharkatzeko zein arerioen aurka ziztu bizian borrokatzeko modua lortuta.

Hirugarren pertsonako ikuspegira aldatuko da jokoa, morphball abileziarekin egin bezala, motor gainera igotzerakoan. Basamortuak eta hiri futuristak esploratuko ditugu ibilgailuarekin batera; borroketan misilak jaurtiko ditu motorrak, baita izpi erako mugimendu bereziak erabili.

Ohiko jokagarritasunari dagokionez, ez dugu berritasun handirik ikusi bideoan. Laugarren atal honetan botere psikikoak lortuko ditu Samusek, objektuak mugitzeko ahalmenarekin. Tiroketetarako zein puzzleetarako balioko dizkiguten mugimenduak izango dira.

Metroid Prime Hunters jokoan ezagututako Silux zitala itzuliko da, gainera; itxura batean, bera izango da abentura berriko gaizto nagusia.

Switch eta Switch 2 kontsoletan merkaturatuko da Metroid Prime 4: Beyond. Gailu berrian bereizmen handiko atal grafikoa edo segundoko 120 fotogrametara jokatu ahalko dugu, baita joy-con berrien sagu modalitatea erabilita ere. Esan bezala, abenduaren 4an iritsiko da saltokietara.