Viewros planeta ezagutuko dugu Samus Aran espazioko ehiztariaren 3D abenturen itzuleran. Switch originalean estreinatuko da.

Nintendo Switcharen azken Direct zuzenekoak Metroid Prime 4: Beyond irrikatuaren bideo berria utzi digu. Aurten kaleratuko den abenturak botere psikikoak izango ditu ardatz espazioa eta denbora lotzen dituen istorioan.

Esploratuko dugun planetaren izena eskaini digute N handikoek: Viewros. Naturaz betetako paisaiak zeharkatuko ditugu gure eskaneatze bisorearekin dena aztertzen gabiltzala aurrera egiteko aztarnak bilatzeko.

Nola ez, borroketan ere parte hartuko dugu Samusen Chozo kanoi fidelarekin. Prime sagako ohiko mekanikak dira nagusi: arerioak bisorean finkatu, eta hauek inguratzen ariko gara laser izpiak nahiz misilak jaurtitzen ditugun bitartean. Berritasunetako bat, baina, aipatutako botere psikikoen aldetik dator: tiroak kontrolatzeko ahalmena eskainiko digute, adibidez, gure izpirik indartsuenekin munstro guztiak akabatzeko.

Gaitasun berriokin puzzleak gainditzen ere ariko gara, noski baietz: ateak irekitzeko zein bestelako aztarnak aurkitzeko balioko digute. Morph ball bezalako ohiko abileziak erabiliko ditugu berriz, adibidez, leku estuetatik igarotzeko.

Chozo itxurako arraza estralurtar berria, espazioko piratak, eta, zelan ez, metroide izakiak agertuko dira gure abenturetan. Istorioari dagokionez, espazioan eta denboran bidaiatuko dugula dirudi, trailerreko narratzaileari kasu egin behar badiogu.

Power Suit jantzi arruntarekin hasiko du jokoa Samusek… baina itxuraldaketa handiak jasoko ditu. Bideoaren bukaeran jantzi gorri eta beltz estilizatuagoa erakutsi digute egileek; egia esan, Prime 2ko argizko jantziaren antza daukala esan daiteke.

Tamalez, oraindik argitaratze data zehatzik gabe jarraitzen dugu: 2025ean argitaratzeko asmoa mantentzen dute japoniarrek, baina eguna ezagutzeko itxaron behar dugu. Switch originalean estreinatuko da Metroid Prime 4: Beyond; dena den, datorren astean xehetasun guztiekin aurkeztuko duten Switch 2ak ere mugitu ahalko duela suposatzen da.