Edmund McMillen-ek ia ordubeteko jokaldia eskaini du, katuak protagonista dituen roguelike abentura xehetasun guztiekin azalduz. 2026ko otsailean estreinatuko da.

The Binding of Isaac, Super Meat Boy edo The End Is Nigh arrakastatsuen sortzaileak aspaldi iragarritako proiektua lehen aldiz mugimenduan erakutsi du. Mewgenicsek katuak, txandakako borroka taktikoak eta kudeaketa sistema bitxia elkartuko ditu.

2012. urtean hitz egin zigun lehen aldiz Edmund McMillenek Mewgenicsi buruz —demoa eta guzti eskainita—. Hala ere, titulua alboratuta utzi zuen, 2023 hasieran berriz garatzen zebilela iragarri arte. Ordutik hona eguneratze eta berritasun txiki ugari utzi ditu, batez ere, Steam plataformako jokoaren orrialdean, baina orain arte ez dugu jokagarritasun bideorik ikusi.

“Amaigabeko katu ugalketa RPGa” dela dio indie egile ezagunak. Katuak hazten ariko gara gure etxean… beraiekin batera apokalipsi ondorengo mundu arriskutsua esploratzeari ekiteko.

Etxean gure pitxitxiak zaindu beharko ditugu, hauentzako janaria eta bestelako baliabideak bilduta. Kanpora irtetzerako unean gure taldea kudeatzen hasiko gara, bakoitzaren estatistiken arabera, lepoko bereziak jarrita: hauek katu motak ezartzeko balioko dute, ohiko pertsonaia motak hartuta. Borrokalaria, aztia, ehiztaria edo tankea erakutsi ditu egileak, baina gehiago egongo dira.

Partida hasita, ausazko ibilbideei aurre egin beharko zaie; izan ere, jokoak roguelike ezaugarriak biltzen ditu, partida bakoitzean erronka eta helburu desberdinak proposatuz. Maila desberdinetan borroka bat jokatuko dugu: XCOM bezalako jokoen lauki sare bidezko txandakako dueluak izango dira. Pertsonaien ordena ikusiko dugu, estatistiken araberakoa, gure armadaren zein arerio munstroen txanda azalduz; horrela, gure katuak borrokalekuan zehar kokatu eta erasora joko dugu.

Katuak mailaz igotzen joango gara, ezaugarriak hobetuz zein eraso edo abilezia berriak desblokeatuz. Helburua geroz eta urrunago iristea da, baina bidean buruzagi indartsuen aurka egin beharko dugu. Gure mitxinen armada era egokian kudeatzea eta hauek zaintzea ezinbestekoa izango da aurrera egiteko, beraz, egindako aurrerapena gordetzen joango baikara.

Eta, bai, agerikoa denez, Mewgenicsen McMillenen jokoen estetika nazkagarri eta arraroa ikusten jarraituko dugu.

Mewgenics datorren urteko otsailaren 10ean estreinatuko da. Oraingoz PCan baino ez dugu ikusiko: Steam bidez eros daiteke.