Redmondeko enpresak 7.500 milioi dolarren truke erosi zuen The Elder Scrolls, Fallout eta Doom bezalako jokoen arduraduna.

Pasa den urteko irailean azken urteetan bideo-jokoen munduak izandako berririk handienetakoa eman zen: Microsoftek Bethesda garatzailea erosteko ibilbidea hasi zuen. Ia urte erdi igaro da ordutik hona, baina akordio hori isteko azken urratsak eman dituzte Redmondekoek: horien artean, Europako Batzordearen oniritzia jaso dute. Bertan bat-egitea posiblea dela adierazten dute batasunekoak, “barne merkatuarekin bateragarria dela” adierazita. Ameriketako Estatu Batuetako batzordeak ere iritzi bera dauka bat-egitearen inguruan.

Egin beharreko guztiak beteta, Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiak ofizialki baieztatu du bat-egitea Xboxen webgunean: "ohore bat da zortzi estudioei (Bethesda Game Studios, id Software, ZeniMax Online Studios, Arkane, MachineGames, Tango Gameworks, Alpha Dog eta Roundhouse Studios) eta horien komunitateei Xbox familiara ongi etorria ematea".

Etorkizunean Bethesdaren jokoak jasoko dituzten plataformak gainetik aipatu ditu Spencerrek. "Jokalariek Xbox kontsolak, PCa eta Game Passa Bethesdaren joko berriekin gozatzeko tokirik onena dela jakin beharko lukete, etorkizunean Xboxeko eta PCko jokalarientzako esklusiboak izango diren lan batzuk barne". Pentsatzekoa da hortaz obrarik handienak gainerako kontsoletan ere argitaratuko dituztela, baina oraindik zehazteko daude bat-egite honek ekarriko dituen ondorioak.

Pete Hines Bethesdako zuzendariordeak ez du aldaketa horien berri eman izan nahi. Halere, "Bethesda eta bere estudioek orain arte modura lan egiten jarraituko dutela" agindu du Bethesdaren webgunean idatzitako artikulu batean, "errekurtso eta babes handiagoarekin".

Izan ere, Microsoftek Bethesda 7.500 milioi dolarren truke erosi badu ere, bat-egite modura kontuan hartzen dela azpimarratu beharra dago; Redmondekoen eskumendekoa den Vault izeneko filialera batuko da Bethesda.

Hori horrela The Elder Scrolls, Fallout, Doom, Dishonored eta gehiago Microsoften eskuetan izatera igaroko dira. Ikusteko dago argitaratze data hurbila daukaten jokoekin zer gertatuko den: Deathloop edota Ghostwire: Tokyo, esaterako, PlayStation kontsoletarako iragarrita daude; akordioaren baita finkatutako baldintzak zehazteke daude publikoarentzat.