Zenbait baldintza eta arau ezarri dizkiete. Orain aste batzuk Erresuma Batuaren ezezkoa jaso zuten Xbox-ekoek.
Europako Batzordeak Microsoften eta Activision Blizzarden bat egiteari buruzko ebazpena argitaratu du: EBko fusio arautzaileak (EU Merger Regulation) Xboxen jabeek proposatutako elkarketa onartu du.
“Erabakiak batzordeak identifikatutako konpetentzia eta lehia kezkak kontuan hartzen ditu, eta, gaur egungo egoerarekin alderatuz, hodeiko jokoaren inguruko hobekuntza nabarmenaren adierazlea da”, aldarrikatu du EBk prentsa oharrean.
Hori horrela, hodei bidezko jokoa izan da beste behin erabakiaren gakoetako bat. Orain aste batzuk Erresuma Batuko CMA erakundeak erosketa galaraztea erabaki zuen gai beragatik: “Hodei bidezko jokoaren eraberritzea eta aukeren aniztasuna babestea” ziren erakunde arautzaileak eskainitako argudio nagusiak.
Bruselakoen hautua, baina, hainbat baldintzekin eta araurekin batera hartu da. Esanguratsuena, “Activision Blizzarden iraganeko, egungo nahiz etorkizuneko PC-ko zein kontsoletako bideojokoak laino bidezko edozein zerbitzuren bidez eskaintzea” ahalbidetzen duen doako baimena. Baimen hau europar jokalari ororentzat izango da.
Zer esan nahi du honek? Esate baterako, Call of Duty: Modern Warfare 2-ren Steam plataformako bertsioa dutenek edozein streaming zerbitzutan erabili ahalko luketela —Xbox Cloud-en edo Amazon Luna-n, esaterako—; gauza berbera gertatzen da jokoaren beste edozein bertsiorekin.
Noski, erabakiak jokook zerbitzu guztietan egotea bermatu behar du. Hori dela eta, etorkizunean Activision Blizzarden titulu guztiak gainerako laino bidezko plataformetan egongo dira. Ezarritako arauarekin “lehiakideentzako oztopoak ezabatzea” bilatzen dute batzordetik.
Baldintza honen funtzionamenduak zehazki nola funtzionatuko duen ikusteko zain gauden bitartean, iraungitze data daukala ere azpimarratu beharra dago: hamar urteko epean eskaini beharko dira baimenok, printzipioz.
AEBen zain
Europako oniritzia jasota, eta Erresuma Batuko oztopoa ikusita, Microsoftekoak zein Activisionekoak Estatu Batuetara begira jarri dira.
Izan ere, Federal Trade Comission erakundeak joan den urte bukaeran bat egitea deuseztatzeko salaketa jarri zuen. Abuztuan jakingo dugu, ziurrenik, aurrera doan edo bertan behera geratzen den.
Bideojokoen historiako erosketarik handiena
Erabakiak eta helegiteak aspalditik datoz. Activision Blizzarden erosketa 2022ko urtarrilean iragarri zuten Redmond-eko enpresakoek. Une hartan burututzat ematen zuten arren, nazioarteko erakunde arautzaileek ez zuten askorik itxaron lehen oharrak eta oztopokoak jartzen hasteko.
Ez da harritzekoa, industriako bereganatzerik esanguratsuena baita, inolako zalantzarik gabe: 68,7 mila milioi dolarretako bereganatzeari buruz gabiltza.
Ikusteko dago zer gertatuko den azkenean. Halere, argi dagoena zera da: luzerako doan gaia dugu.
Iruzkinak