“Orain arteko anbiziorik handieneko hegazkinen simulagailua sortzea” bilatzen dute Xbox-ekoek. Azaroaren 19an estreinatuko da.

Microsoft Flight Simulatorren 2024. urteko edizioa aste gutxi batzuk barru estreinatuko da, eta egileek bideojokoak eskaintzeko dituen berritasun guztiak aditzera eman dituzte.

2020ko bertsioaren hezurdura hartuta, mekanikak gehitzea eta atal grafikoa hobetzea da helburua. Nabarmendutako berritasunen artean hegazkintza karrera modalitatea, erronken liga sistema zein argazkilaritza modua aipatzen dituzte Asobo Studio-ko egileek.

Karrera joko mota trebetasun maila guztietako jokalariei zuzenduta egongo da. “Benetako pilotuen ibilbidea imitatzen du sistemak”, mundu edozein aireportu aukeratutako eskolarekin hasteko. Pilotu hasiberriaren bidea hasiko duzu karreran gidatuko zaitun irakaslearekin batera”. Misioak eta helburuak bete beharko ditugu, baina aurrera egiteko hegazkin mota desberdinetako sailkapen zuhaitzak bete beharko dira; erronka bereziak ere biziko ditugu, besteak beste, bilaketa eta erreskate misioak, su itzaltzeak edo hegaldi komertzialak proposatuz.

Gure negozioa irekitzeko dirua bilduko dugu horiek beteta. Behin hori eginda, norbere hegazkinen ardura hartu beharko dugu: “Edozein lurreratzek, pistako edozein kolpek, hegazkinen bermean eragingo du, hauek mantentzeko kostua areagotuz”. Mundu osora iritsi nahi badugu behar bezala gidatzen ikasi beharko dugu, hortaz.

 

Xehetasunez betetako mundua, lainoan

Zeharkatuko dugun mundu birtualean aurrerakuntza esanguratsuak aipatzen dituzte egileek. Lurrera hurbiltzerakoan nabarituko ditugun hobekuntzak aldarrikatuz hasi dira, aurreko jokoan ikusitako zelai hutsak “3Dn modelatutako harriz, arrokaz, legarrez eta belarrez josita” egongo direla adieraziz. Argiztapen orokorra hobetu dute, batez ere egunsentian eta iluntzean, baita hodei mota berriak gehitu ere, eguraldi dinamikoa txukunduz.

Ez dira hor gelditu, ordea: kaleetatik pertsonak ikusiko ditugu oinez, autoak errepideetan, eta animalia basatiak mendietan nahiz basoetan. Zergatik iritsi dira xehetasun maila horretara? Munduko edozein lekutan lurreratzeko eta oinez ibiltzeko aukera edukiko dugulako, argazki kamerarekin mundu birtuala harrapatzeko. Mundu bizia eratzerakoan Zoo Tycoon eta Planet Zoo tituluen sortzaile diren Frontier taldeko kideekin aritu dira elkarlanean.

Aurreko MFSen arazo larrienetako bat gure gailuan har dezakeen espazio fisikoa da; 2024ko bertsioak ekarriko dituen berritasunak irakurrita, bat baino gehiago ikaratuta egongo da. Lasai, hodeiaren boterea™-z baliatuko baitira instalazioaren tamaina murrizteko.

Funtzionamenduari dagokionez, optimizazio lana azpimarratzen dute. Adibidez, nazioarteko aireportu handi baten gainetik igarotzerakoan jokoak ez du kalitate handiko modeloa instalatuko gure gailuan; horren ordez, hodeitik kalitate baxuko edo ertaineko bertsioa hartuko du, kalitate handiko modeloa hurbiltzen zarenerako utzita.

Hainbat edizio desberdin jasoko ditu MFS 2024k: Standard Edition-a —Game Pass-era iritsiko da— 70 hegazkinekin eta hobetutako 150 aireporturekin argitaratuko dute; Deluxe Edition bertsioak, berriz, hamar hegazkin gehiago eta bost aireportu gaineratuko dizkio; Premium Deluxe edizioak hamabost hegazkin gehituko ditu; bukatzeko Aviator Edition jokoak Premium Deluxe Editioneko eduki guztiak eta Microsoften saltokian MSF2020rako 2021 eta 2024 bitartean estreinatutako 30 hegazkin jasoko ditu.

Esan bezala, gutxi geratzen da aipatutako guztiaz gozatzeko: Microsoft Flight Simulator 2024 azaroaren 19an kaleratuko da ordenagailuetan.