DualSense agintearentzako berezitasunekin iritsiko da. Xbox-en esklusibo handiak PlayStation VR2 euskarria jasoko du 2026an doako eguneratzearen bitartez.

Xboxek Microsoft Flight Simulator 2024 PlayStation 5ean kaleratuko du. Abenduaren 8an aireratuko dira Asobo Studio-ren hegazkinak Sony-ren kontsolan.

PC eta Xbox Series bertsioen lehen urteurrenean iritsiko da, hortaz, PS5eko edizioa. Hainbat ezaugarri berezi iragarri dituzte gailu berriarentzat: espero izatekoa den moduan, DualSense agintearen kolpekari moldagarriek, giroskopio kontrolek, pertsonalizatzeko touchpad-ak zein aireko trafikoaren kontroleko zerbitzuaren komunikazioak entzuteko bozgorailuak funtzionatuko dute MSFrekin.

Berritasun esanguratsuena errealitate birtualari lotutakoa da: PS VR2 kaskoekin batera funtzionatuko du simulazio tituluak PS5ean. Funtzionalitatea ez da aurten iritsiko; horren ordez, 2026an doako gaurkotzearekin ahalbidetuko dutela diote garatzaileek.

Bertsio berriarekin batera Boom XB-1 hegazkin supersonikoa estreinatuko da gailu guztietan. Jokoan dagoeneko pilota daitezkeen 125 hegazkinei eta helikopteroei batuko zaie: horiekin mundu osoa zeharkatu, eta 40.000 aireportutan zein 60.000 heliportutan lurrera ditzakegu.

Karrera modalitatea, munduarentzako hobekuntza nabarmenak, erronkak, argazkilaritza aukerak eta beste hainbat hobekuntza ekarri zituen MSF 2024k. Tamalez, harrera ez zen esperotakoa izan, jokalariek askotariko akatsak aurkitu baitzituzten.

PlayStation 5 bertsioa estreinatzen denean konponduta ote dauden ikusi beharko da. Esan bezala, abenduaren 8an iritsiko da Microsoft Flight Simulator 2024.

 

Multiplataforma, bai

Albisteak ez du inor harrituko, baina bideojokoen mundua ez da guztiz ohitu Xboxen esklusiboak PlayStation edo Nintendo kontsoletan ikustera.

Forza Horizon 5, Indiana Jones and the Great Circle, Gears of War Reloaded, Senua’s Saga: Hellblade 2, Sea of Thieves, Hi-Fi Rush, Grounded eta beste hainbat eraman dituzte dagoeneko beste kontsoletara.

Datozen hilabeteetan eta urteetan are joko gehiago multiplataforma izatea espero da; horien artean, Halo frankizia dago.