Hegazkinak, aireportuak, misioak eta ezaugarriak gehituko dizkio hegazkintza simulagailuari. Doako eguneraketa izango da jatorrizko bertsioa erosita dutenentzat.

Xbox-ek Microsoft Flight Simulator Game of The Year Edition iragarri du. Hegazkinen bideo-jokoak orain arte jaso dituen edukiak berritasunekin batuko ditu PC-an eta Xbox Series-etan azaroaren 18an estreinatuko den bertsio honek.

Uztailean kaleratutako Xbox kontsoletako bertsioa, PCko jokoarentzako hobekuntzekin batera, “hasiera baino ez dela izan” adierazi dute arduradunek Xboxen blog ofizialean. Hegazkintza simulagailua “etengabe hobetzeko” lana egiten ibili ondoren, GOTY bertsioak zaleei “eskerrak emateko” balioko duela azpimarratu dute Microsoftekoek.

Hori horrela, jatorrizko jokoa erosi dutenentzat —edo Game Pass-ean daukatenentzat—, doakoa izango da edukiekin eta hobekuntzekin betetako bertsioa. Trailer ikusgarriarekin iragarri dituzte eguneraketak ekarriko dituen gehikuntza esanguratsuenak.

Lehenengo eta behin, jokoaren protagonistak diren hegazkinen kopurua areagotuko dute. Bost hegazkin berri jasoko ditu Flight Simulatorrek: Boeing F/A-18 Super Hornet, Pilatus PC-6 Porter edota CubCrafters NX Cub aparatuak egongo dira horien artean.

Aireportuen aldetik, Europako eta AEBtako zortzi kokaleku eraberrituko dituzte, eskuz diseinatutakoak izateko; Leipzig/Halle, Zurich eta Marine Corps Air Station Miramar aipatzen dituzte, besteak beste. Horietan betetzeko misio berriak gehituko dituzte gainera. Fotogrametria bidez hobetutako hiriak ere egongo dira: Helsinki, Brighton edota Utrecht inoiz baino hobeto ikusiko dira, esate baterako.

Klima sistema eraberritua jasoko du jokoak GOTY bertsioarekin, eta DirectX 12-rekin bateragarritasuna gehituko dute.

 

20 urte Xboxekin

Aurtengoa urtebetetze berezia izango da Xboxekoentzat. 20. urteurrena beteko du Microsoften bideo-jokoen markak, eta hori ospatzeko ekitaldia egingo dute. Lehen kontsola merkaturatu zutenetik 20 urte betetzeaz gain, Halo-ren urteurrena ere izango da.

Xbox Anniversary Celebration izenpean, azaroaren 15ean egingo da ekimena, baina bertan ez dute bideo-joko berririk aurkeztuko: “Xboxen 20 urteei begirako erretransmisio berezia izango da”.