Sendai, Takamatsu, Tokushima, Tokyo, Utsunomiya eta Yokohamaren itxura hobetuko dute Microsoftekoek.
Asobo Studioko garatzaileek Microsoft Flight Simulator hobetu eta edukiak gehitzeko lanean dihardute. Simulazio jokoak jasoko duen lehen World Update izeneko eguneraketak Japoniako paisaiak hobetzeko balioko du.
Microsoftekoek adierazi dutenez, hobekuntzak doakoak dira jokalari guztientzat. Zehazki, sei hiri japoniarren itxura edertu dute: Sendai, Takamatsu, Tokushima, Tokyo, Utsunomiya eta Yokohama hirietako hiru dimentsioetako fotogrametria gehitu eta paisai zein eraikinen kalitatea hobetu dute.
Ez hori bakarrik, Hachijojima, Kerama, Kushiro, Nagasaki, Shimojishima eta Suwanosejima aireportuetan erronka bereziak ere gehitu dituztela adierazi dute.
Eguneraketa kaleratu dute dagoeneko. Microsoft Flight Simulator PCrako argitaratu dute, baina etorkizunean Xbox kontsoletarako kaleratzea ere aurreikusten du Microsoftek.
Iruzkinak