Doako World Update VIII adabakia dagoeneko estreinatu da Xbox kontsoletan zein PC-an.
Microsoft Flight Simulatorrek mundu gune desberdinetako kokalekuak eta paisaiak hobetzen jarraitzen du. Oraingoan gure inguruen txanda iritsi da: besteak beste Euskal Herriko hainbat txoko eraberritu ditu Xbox-en bideojokoak.
Zortzigarren World Update eguneraketarekin Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan, Portugaleteko Bizkaia Zubia edota Bilboko hainbat gunetan hobekuntza nabarmenak prestatu dituzte, beste hainbaten artean. “Kalitate handiko hobekuntza geografikoak” aipatzen ditu Jorg Neumann jokoaren arduradun nagusiak Xbox Wire-n.
Aldez aurretik gune hauen gainetik igarotzeko aukera zegoen arren, modelo sinpleekin egindako tokiak ikusten genituen hegazkinetik. Orain kalitate handiz eratutako kokaleku errealistak ikus daitezke simulatzailean.
Euskal Herriarekin batera Espainiako, Portugalgo, Andorrako eta Gibraltargo eremuak txukundu dituzte garatzaileek.
“Altitude datuak, fotometria eta aireko iruditegi ikusgarria” erabilita berriztatu dituzte Microsoft Flight Simulatorreko mundu birtualeko kokalekuak. Horrez gain, eskuz sortutako lau aireportu, 99 gune interesgarri, lau ibilbide, lau aurkikuntza hegaldi eta bost lurreratze erronka gehitzen ditu adabakiak.
Eguneraketa guztiz doakoa da, eta tituluaren erabiltzaileek dagoeneko jaitsi dezakete. Microsoft Flight Simulator Xbox Series eta PC bidez joka daiteke; horrez gain, Xbox Cloud hodei bidezko zerbitzuarekin Xbox One-n, mugikorretan, tabletetan eta PC xumeetan gozatzeko aukera eskaintzen dute.
Iruzkinak