Call of Duty jokoak hamar urtez egongo lirateke N Handiaren kontsoletan. GeForce Now harpidetzak, berriz, Xbox-en jokoak jasoko ditu.

Microsoftek Activision Blizzarden bereganatzea nazioarteko konpententzia arautzaile erakundeen begietan baliozkotzat jotzeko erabakiak iragarri ditu. Redmond-ekoek jakitera eman dutenez, Nintendorekin nahiz Nvidiaren hitzarmen desberdinak sinatu dituzte.

Alde batetik, Kiotokoei Call of Duty frankizia eskaini diete Xboxekoek. Zehazki, Activision Blizzard erosi ondoren tiro jokoen sagako hurrengo atalak hamar urtez Nintendoren kontsoletan argitaratuko direla adostu dute “kontratu loteslearen bidez”. Hitzarmena joan den abenduan aipatu zuten arren, atzo ofizialtzat eman zuten, akordioaren xehetasunak zerrendatuta.

“Call of Dutyren etorkizuneko jokoak Nintendokoen gailuetan egongo dira lehen egunetik, Xboxeko eta PlayStation-eko bertsioen —nahiz PC-ko— ezaugarri eta funtzionaltasun berberekin”, azaltzen da Brad Smith Microsofteko lehendakariordeak zabaldutako mezuan.

Garrantzitsua da PlayStationi egindako aipamena, Sony baita Activision Blizzarden erosketaren inguruan gehien kexatu dena. Horri lotuta, Microsoftek hainbat aldiz eskaini dizkio Call of Duty berriak PlayStation kontsoletan jarraitzea, epemugarekin bada ere.

Beste aldetik, Microsoftek Nvidiarekin sinatutako hitzarmena GeForce Now harpidetza zerbitzuaren katalogoaren ingurukoa da: Activision Blizzarden erostea baieztatzerakoan Xboxen bideojoko guztiak —ABrenak barne— GF Nowen eskaintzea. Kontratu honetan hitzartutakoak, Nintendorekin sinatutakoak bezala, hamar urteko iraupena edukiko du.

Agerikoa denez, hitzarmenokin konpetentzia arautzaile erakundeek bereganatzea onestea bilatzen du Microsoftek.

Izan ere, garai korapilatsuak bizi ditugu bideojokoen industrian. Aipatutako erakundeek zalantza handiak dituzte joan den urte hasieran Microsoftek iragarritako erosketaren inguruan: Activision Blizzarrengatik, bere estudioak eta lizentziak barne, 68,7 mila milioi dolarreko akordioa ezagutzera eman zuten. Bideojokoen industria goitik behera eraldutuko lukeen hitzarmena, argi dagoenez.

Iragarpena egiterakoan erosketa ziurtzat eman zuten arren, handik eta gutxira nazioarteko hainbat erakundek oztopoak jarri zizkieten, ikerketak eta bistak deituta. Horietako bat atzo bertan abiatu zen: Europar Batasunarekin egindakoa, hain zuzen ere.

Bista hau itxia izanik, oraindik ez ditugu bertan eztabaidatutakoak ezagutzen: apiril aurretik adieraztea aurreikusten da. Bitartean, Amerikako Estatu Batuetako FTC zein Erresuma Batuko CMA erakundeen balorazioak ezagutzea falta da. Lehena epaian entzungo dugu; bigarrena, berriz, erosketaren aurka agertu da oraingoz.