“Aliantza estrategikoak” belaunaldi berriko proiektuak hodei bidezko teknologiarekin garatzea ahalbidetuko die SEGAkoei. "Superjokoak” eratzeko baliogarria izango da.

Azure Microsoften hodei bidezko zerbitzuak erabiltzeko elkarlana abiarazi dute Redmond-eko enpresakoek SEGA enpresarekin. Modu horretara, japoniarrak prestatzen dabiltzan proiektu desberdinei laguntzeko bidea izango da teknologia hau.

SEGAkoek elkarlana “aliantza estrategikotzat” izendatu dute enpresaren webgune ofizialean. Mundu mailako jokoak garatzeko elkarlana izango dela adierazi dute: “belaunaldi berriko garapen ingurunean Microsoften Azure hodeiko plataforman maila handiko jokoak ekoizteko” bideak bilatuko dituzte.

Azken finean, “bideo-jokoen garapenean are gehiago aurreratzen” jarraitu nahi dute. Horretarako, “teknologiaren eboluzio berriak eratu” nahi dituzte, “sareko zerbitzu globaletarako ezinbestekoak diren azpiegiturak eta komunikazio tresnak” lehentasunak izanik.

Japoniarren epe ertain eta luzerako plangintzan eragingo du aliantza honek; aurretik SEGAkoek finantza txostenetan aipatutako “superjokoak” garatzeko baliogarria izango da: online, komunitate eta global terminoak erabili dituzte joko hauek zehazteko, askoz gehiago azaldu gabe. Ez dute joko berrien informaziorik eskaini, beraz.

 

Konektatutako mundua

Etorkizunera begira jarri direla aldarrikatu dute horrela: “mundua inoiz baino konektatuago dago eta 5G-arekin zein hodei bidezko zerbitzuekin kontsumitzaileek kalitate handiko entretenimenduzko edukiak kontsumitu ditzakete edozein lekutan modu errazagoan”. Teknologi berri horien hedapenarekin “bideo-jokoen industria inguratzen duen ekosistemak eboluzionatzen eta hedatzen jarraitzen du”, diote japoniarrek.

“Microsoftekin elkarlanean etorkizunean nagusituko diren joeretara aurreratzen gara garapen prozesuak optimizatzeko helburuarekin eta gure jokalarientzako kalitate handiko esperientziak sortzen jarraitzeko Azure teknologiari esker”.

Aspalditik zabaldu da sareetan Microsoftek SEGA erosteko asmoa duela. Ez dirudi hala izango denik momentuz, baina ikusteko dago zer nolako ondorioak dakartzan elkarlan honek; ez dute aipatzen egungo edo etorkizuneko bideo-jokoen esklusibotasunik, baina Azure erabilita sortutako joko horiek Xboxekoen esku geratu daitezke.

Azurek hainbat enpresa erakarri ditu azken urteetan. Horien artean dago PlayStation: streaming zerbitzuak hobetzeko elkarlana abiarazi zuten Sonyk eta Microsoftek 2019an hodei bidezko teknologia hori erabilita.