7,5 bilioi dolarren truke The Elder Scrolls, Doom, Fallout, Wolfenstein, Prey eta Dishonoreden garatzaileak Xboxen taldera igaroko dira.
Xboxen arduradunek Zenimax Media korporazioa erosi dute 7,5 billoi dolarren truke. Zenimax Bethesda Softworks, Arkane Studios, Machine Games eta id Software bezalako enpresen jabea da.
Iragarpena Xboxen blogaren bitartez egin dute Microsoftekoek; minutu batzuk lehenago Bloombergeko Jason Schreier kazetariak eman du albistea.
“Munduko garatzaile eta banatzaile handienetako eta ospetsuenetako bat izanik, Bethesda 2,300 langileko nazioarteko taldea da“, adierazi dute. “Bethesdaren jokoek beti eduki dute toki berezia Xboxen eta milioika jokalariren bihotzetan”.
Hori horrela, The Elder Scrolls, Doom, Fallout, Wolfenstein, Prey, Dishonored edota Quaken garatzaileak Microsoften menpe egotera igaroko dira. Esklusiboei dagokienez, Microsoftek Deathloop eta Ghostwire Tokyo bezalako jokoekin dagoeneko eratutako akordioak "errespetatu" egingo dituela adierazi du. Bethesda eta beste garatzaileen etorkizuneko lanak, baina, Xbox eta PCrako soilik argitaratuko dituzte; beste kontsola batzuetarako kaleratzea ere aipatzen dute, "kasu bakoitzaren arabera".
Zenimaxek dagoeneko argitaratutako bideojokoak Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan jokatu ahalko dira.
Iruzkinak