Urri bukaeran estreinatzea aurreikusia zeukaten, baina “azken fintzeak eta orekatze lanak” egin behar dituzte indie taldekoek.

Yacht Club Games estudioak Mina the Hollowerren geroratzea iragarri du.

“Asteon gure taldeak erabaki gogorra hartu du: Mina the Hollower atzeratzeko erabakia hartu dugu”, diote prentsa oharrean. Talde osoa “gau eta egun gogor lanean” ibili dela diote, “baina oraindik ez daudela prest”.

Shovel Knight-en egileen obra berria urriaren 31n estreinatu behar zen; halere, “ez da berandutze handia”, Yatch Clubekoen arabera. “Azken fintzeak eta orekatze lanak” ezartzeko beharrezko denbora baino ez dute hartuko, “jokoak benetan distira egiteko”.

Zehazki, diseinua, artea zein soinua bukatzeko, jokoaren oreka orokorra txukuntzeko, lokalizazio desberdinak inplementatzeko, “gazta jateko” eta plataforma guztietan jokoa probatzeko erabiliko dituzte egun eta aste gehigarriak. Argitalpen data berria iragarri gabe geratu dira, badaezpada: plataforma desberdinetako saltokietan igo arte itxarongo dute oraingoan.

8 bit atal grafiko ederrarekin, Game Boyko The Legend of Zelda abenturak gogora ekartzen ditu Mina the Hollowerrek. Ikuspegi zenitalarekin jokatuko dugu ziegak gainditzen, dozenaka arerio hiltzen eta girotze viktoriarra daukan mundua esploratzen ariko gara Mina saguarekin; tartean, abilezia eta arma berriak eskuratuko ditugu aurrera egiteko elkar konektatutako erresuma irekian.

PC, PS5, Switch, Xbox Series eta Xbox One gailuetan jokatzeko pixkat gehiago itxaron beharko dute jokalariek, beraz. Mina the Hollower laster estreinatuko da.