Irailean berandutzeko erabakia hartu zuten Shovel Knight-en egileek. Game Boy eramangarriko The Legend of Zelda klasikoak ditu oinarritzat.

Yacht Club Games indie taldeak Mina the Hollowerren behin betiko data baieztatu du, azkenik: maiatzaren 29an estreinatuko du.

Egungo plataforma nagusi guztietan estreinatuko da Mina saguaren abentura: PC, PS5, Switch, Xbox Series eta Xbox One gailuetan jokatu ahalko dugu. Prezioa ere baieztatu dute arduradunek: 20 eurotan erosteko aukera dago.

Urte luzez egon da garapenean, eta, bidean, berandutzeak ere jasan ditu: joan den urteko urrian merkaturatu behar zen, baina, “azken fintzeak eta orekatze lanak” burutzeko denbora behar zutela aldarrikatuta, geroratzea erabaki zuten Shovel Knight maisulanaren egileek.

Atzerapenak zentzua dauka: Bloomberg-etik aurreratu zigutenez, Yacht Club Games ez da egoera ekonomiko samurrean aurkitzen. Minak ez badu aurreikusitako arrakastarik eskuratzen, estudioa desagertzeko arriskua omen dago.

Gogoratzearren, The Legend of Zelda: Link’s Awakening klasikoaren estiloa bereganatzen du Mina the Hollowerrek: 8 bit atal grafiko zaindua, ikuspegi zenitala, esplorazioa, ziegak eta sekretuak batuko ditu. Borroketara bideratuagoa egongo dela esan beharra dago: abilezia eta arma berriak eskuratuko ditugu elkar konektatutako erresuma erraldoitik sakabanatutako arerioak akabatzeko. Link heroiaren abentura klasikoekin batera, Castlevania edo Bloodborne aipatzen dituzte inspirazio iturritzat.

Maiatzaren 29tik aurrera esploratuko dugu Mina the Hollowerren mundu ilun bezain koloretsua.