WarioWare ezagunen klonak Kickstarter kanpaina arrakastatsua burutu du, demoa eskaintzearekin batera. PCan kaleratuko du HoloHammer estudioak.
Mindwave abentura eroa aurrera eramango dutela iragarri dute HoloHammer taldeko kideek. Mikrojoko bizkorrak nobela bisualekin uztartzen dituen indie interesgarria txapelketa misteriotsuko partaide izatera eramango gaitu.
Aurrera doala diogu, Kickstarter kanpaina arrakastatsua burutu baitu: eskatzen zituzten 40.000 dolarrak gainditu, eta azkenean 443.442 dolar bildu ditu indie taldeak pasa den asteotan.
Pandora izeneko neska gaztean bilakatuko gara, horrela, Mindscape dorrean. Etorkizuneko munduan bideojokoetan mindwave bidez jokatzen da: beste burmuinetara konektatzea ahalbidetzen duen tresna bitxia.
Mindwave txapelketan, beraz, gainerako partaideen oroitzapenak eta bizipenak biziko ditugu, beti kutsu umoretsuarekin… edo ez. Gure helburua mikrojoko sorta desberdinak gainditzea izango da; PCrako jokoa izanik, teklatua zein sagua erabiltzen ditu Mindwavek.
WarioWare maitatuen antzeko proposamena ikusiko dugu, beraz: segundo gutxi batzuetako iraupena duten mikrojoko bizkorretan egin beharrekoa asmatzea izango da garrantzitsuena sarritan. Proba hasi aurretik erabili beharreko tresna azalduko zaigu: teklatu osoa, geziak, zuriune barra edo sagua erabiliko ditugu, mikrojokoaren arabera.
Telefono zenbakia markatzea, objektuak antolatzea, une egokian tekla bat zanpatzea… WarioWaren antzeran, proba sinpleak dira Mindwavenak; hala ere, tekla gehiago erabili beharko ditugunez, pixkat konplexuagoak suerta daitezke. Zailtasuna areagotu ahala probetan aldaketak ikusten joango gara: esaterako, itxi beharko ditugun spam leihoak agertuko zaizkigu jokatzen gabiltzala.
Burmuin artean nabigatzen gabiltzala nobela bisualaren atalak jokatuko ditugu. Txapelketaren gainerako jokalariak ezagutzeari ekingo diogu hauetan, hizketaldiak entzunez eta galderak eginez. Lagun berriak egingo ditu Pandora protagonistak, baina, noski, gainerakoak ezagutzeak bestelako ondorioak ekarriko dituela dirudi.
Istorioarekin batera joko mota amaigabeak jokatzeko aukera edukiko dugu, ahalik eta proba gehien bizirautea proposatuz.
Mindwaven finantzazio kanpainak askotariko modalitateak eta eduki gehigarriak sortzeko aukera eskainiko die garatzaileei. Online multijokalaria gehitzeko beste diru bildu ditu, baina ez hori bakarrik: DLCaren bitartez hiru burmuin edo mikrojoko sorta gaineratuko dituzte titulua kaleratu ondoren, baita “bukaerako azken burmuin garrantzitsua” ere.
Aipatutakoak gutxi badira, Steam Workshop eta mod-en euskarria gehituko dira, zaleek euren mikrojokoak sortzeko eta partekatzeko bideak eskainita.
Bukatzeko, Kickstarterren lortutako azken helburuarekin aginteentzako kontrol eskema gaineratzea bilatzen dute HoloHamerrekoek: Steam Deck-ean jokatzea ahalbidetuko dute horrela, baina etorkizunean kontsolarako port-ak prestatzeko aukerak areagotzen dituela diote.
Guztia aurkezpen bereziarekin: WarioWare inspirazio iturri nagusia da baita arlo honetan, komiki estiloko atal grafikoarekin zein soinu banda eroarekin.
Argitalpen datari dagokionez, arduradunek euren lehen proiektu handia dela azaldu dute Kickstarterreko webgunean. Hortaz, oraingoz 2027ko irailerako prest edukitzeko asmoa daukate… baina ez da inolako data zehatza: beranduago zein aldez aurretik argitara dezaketela aitortzen dute, “bideojokoen garapena zoroa eta iragarrezina” delako.
Bitartean, behintzat, doako demoa proba dezakegu MindWavek eskaintzeko daukana ezagutzeko. Steam bidez eskaintzen dute, lehen burmuineko orain mikrojokoak proposatuz.
Team Fortress 2 ere, mikrojokoenera
WarioWarek utzitako hutsunea nabarmena da, MindWave ez baita halako proposamena ekarri digun azken lana. TF2Ware aspaldi sortutako Team Fortress 2ren moda edo eraldaketa da: proiektua erdi ahaztuta geratu bazen ere, TF2Ware Ultimate bidez berpiztu zuen joan den urtarrilean sortzaile talde batek.
Valve-n tiro joko ezaguneko baliabideak erabilita 100 mikrojoko, hamasei buruzagi eta 32 proba berezi eskaintzen ditu online partida dinamiko eta dibertigarrietan.
Steam Workshop bidez jaitsi eta instala dezakegu TF2Ware Ultimate: harpidetuz gero, bakarrik gehituko zaigu Team Fortress 2ra.
Iruzkinak