Hasi gazteenengandik eta helduetaraino bogan dagoen jokoa da Minecraft, nahiz eta orain dela 6 urte sortua izan zen. Indie joko hau bere horretan fenomeno benetan interesgarria da, mota askotako jendea barnebiltzen baitu.
Eta ez da harritzekoa, jokoaren helburua... zera... hau da, ez baitu helbururik. Izatekotan, biziraupena litzateke helburu nagusia.
Jokoa Sandbox (hondar kutxa) motakoa da eta motzean azaltzeko, Lego moduko mundu erraldoi batean garatzen dela esan daiteke. Irudikatu, hainbat materialetako kuboez osaturiko mundu bat, non, ia edozer apurtu, eraiki, sortu dezakezun. Kitto, ez dauka beste misteriorik.
Jokoak ez dauka grafiko ikaragarri, bideo zinematografiko txundigarri edota musika epikorik baina, bere sinpletasun horretan, jokagarritasunean aurkitu du konplexutasuna eta gozamena. Jokoak hainbeste konbinazio eta aukera ditu non, zenbait material edo tresna sortu ahal izateko azalpenak dituen Wikipedia propio bat ere sortu duten.
Batzuk, besterik gabe, mundu birtual horretan murgiltzen dira beren bizimodua aurrera atera eta bizitzako helburuak betetzeko asmoz. Beste batzuk ordea, mini-joko ezberdinak sortzen dituzte (TNTRun, SkyWars, Hunger Games...) multi-kirolak bailiran. Denentzako lekua dago hemen.
Game Erauntsian ere ez dira atzean gelditu eta Euskal Herriko 7 hiriburuak eraikitzeaz gain, minijoko ezberdinak, txapelketak... antolatzen dituzte. Korrika birtual bat ere antolatu zuten, pentsa!
Aiaraldea.eus agerkarirako idatzitako artikulua: http://www.aiaraldea.eus/komunitatea/artikulua/bideo-jokoen-land-roverra
Iruzkinak