Eguneraketa handia uda honetarako aurreikusita zegoen. Lehen atala orduan kaleratuko dute; bigarrenera berriz, urte bukaeran.
Minecraften hurrengo eduki gehigarria erraldoia izango dela dio Mojang garatzaileak. Hori dela eta, aurreikusitako planak aldatu eta Caves and Cliffs espantsioa zatitzeko erabakia hartu dute bideo-joko arrakastatsuaren garatzaileek.
Aldez aurretik 2021eko udarako aurreikusita, “orain arteko anbizio handieneko espantsioa” dela adierazi dute Agnes Larsson eta Henrik Kniberg garatzaileek. Izan ere oinarrizko mekanika eta ezaugarrietan aldaketa handiak ekarriko ditu eduki gehigarri honek. Mundu irekian eragingo dituen berritasunak “dramatikoak” izango direla azaldu dute: kobazuloetan eta mendietan era guztietako ezaugarriak gehitzeaz gain, eraikinek eta kokalekuek edukiko dituzten altuerak guztiz aldatuko dira espantsioarekin.
Horrek bideo-jokoarengan eragin zuzena izateaz gain errendimenduarentzako kolpe gogorra suposatuko du baita, eta beraz arazorik ez egoteko modu aproposean prestatu nahi dute arduradunek.
Caves and Cliffs bi ataletan banatuta egongo da azkenean. Lehen atala udan kaleratuko dute. Bloke, objektu eta mob berriak gaineratuko dituzte horrekin: Goat, Axolotl, Crystals + Spyglass + Geodes + Tinted Glass, Copper + Lightning Rod, Glow Squid + Glow Ink, Powder Snow, Lush Cave Blocks, Dripstone Cave Blocks, Deepslate + Ore Variants edota Glow Lichen moduko berritasunak azpimarratu dituzte webgunean.
Bigarren atala, berriz, urte bukaerarako prest edukitzea aurreikusten du Mojangek. Egun zehatzak etorkizunean zehaztuko dituela agindu dute, berritasun gehiago eskaintzeaz gain.
Minecraftengan egongo diren aldaketak ez ezik, estudioko langileen osasuna bermatzeko gogoa agertu du Mojangek. Udarako dena prest edukitzeak “lanordu luzeak” suposatuko lituzkeela aitortu dute, eta halere denborarik gabe ibiliko liratekeela nabarmendu dute artikuluan.
Pandemiaren eraginez etxetik lan egiteak ekarri dituen aldaketak ere aipatu dituzte, beste hainbat estudiok egin bezala. Erabakia hartzea “zaila” izan den arren “langileak osasuntsu eta pozik” egoteko hartu beharrekoa dela diote.
Iruzkinak