Aurten ikusiko dugu PS5, Xbox Series, Switch 2, Switch zein PC plataformetan.

Mojang Studiosek Minecraft Dungeons arrakastatsuaren jarraipena aurkeztu du. Minecraft Dungeons IIk ARPG mekanikak ekarriko ditu berriz kuboen unibertsora.

Bideo motzarekin egin dute iragarpena: mundu ezaguna berriz erakusten dute, baina ez digute jokagarritasun irudirik utzi; hori bai, orain arte ikusi gabeko kokalekuetara bidaiatuko dugula diote.

Minecraft Dungeonsek Diablo bezalako ARPGen bidea jarraitzen du: gure pertsonaia osatuta, ekipamendua lortuko eta jantziko dugu ehundaka etsairen aurka aritzeko ezpatadaka edo magiaka. Ez gara bakarrik ibiliko zorionez: multijokalari osatuarekin, taldean borrokatzeko aukera daukagu, erronka guztiak kooperatiboan gaindituta.

Lehen jokoak balorazio bikainak biltzen jarraitzen dituela jakinda, zale askok eskertuko duten itzulera izango dela suposa daiteke. Originala sinplea baina benetan dibertigarria dela nabarmendu genuen 2020an argitaratutako analisian:

Mojangek garatutako dungeon crawlerra generoko zaleentzat oso sinplea egin daiteke. Hala ere aproposa da jokalari berrientzat, edo denbora gutxi duten horientzat. Minecraften magia berezi hori nabaritzen da Dungeonsen; betiko zaleentzat zein zerbait berria frogatu nahi dutenek gozatu ahal duten jokoa da Minecraft Dungeons.

2026an estreinatuko omen da Mojang Double Eleven taldearekin batera garatzen ari den Minecraft Dungeons II. Plataformei dagokienez, PlayStation 5, Xbox Series zein Switch eta Switch 2 kontsoletan nahiz ordenagailuetan kaleratuko dute.