Apirilaren 4tik aurrera Euskal Herriko hainbat zinemetan gure mintzairan bikoiztuta entzun ahalko dugu.

A Minecraft Movie filma euskaraz argitaratuko da zinemetan. Horrela jakinarazi du Pantailak Euskaraz ekimenak sare sozialen bidez.

Zineuskadi plataformaren eskutik gozatu ahalko dugu euskarazko bikoizketaz: apirilaren 4an estreinatuko da. Euskal Herriko zinema batzuetan baino ezingo da gure mintzairan ikusi; halere, zerrenda oraindik baieztatzear dago.

Warners Bros ekoiztetxea arduratuko da Mojang estudioaren bideojoko ospetsua moldatzeaz: Jack Black ezaguna Steve protagonistan bilakatuko da, eta berarekin batera egongo dira Jason Momoa, Emma Myers, Danielle Brooks edo Sebastian Eugene Hansen, besteak beste.

Nahiz eta hezur haragizko protagonistak dituen, Minecraften mundua eta bertako bizilagunak CGI bidez sortuta daude; horrela, jokalariek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten kuboz eratutako paisaiak, animaliak eta bestelakoak ikusiko dituzte.

Gidoiari dagokionez, lau gizakik Minecraften unibertsora bidaiatuko dute. Benetako mundura itzultzeko gune berri hau menperatu beharko dute, aldi berean munstroez eta bestelakoez babestuz. Steve artisau maisuaren laguntza jasoko dute, hori lortzeko.

 

Bideojokoa ere, euskaraz

Euskarazko bikoizketaren albistea benetan pozgarria da; are gehiago, Minecraft bideojokoa ere euskaraz dagoela kontuan hartuta. Munduko jokorik arrakastatsuena izanik, Game Erauntsiatik hainbat ekimen antolatu ditugu: esaterako, Korrika birtualarekin Minecraft barruan sortutako Euskal Herri digitalean zehar euskara zabaldu dugu hainbat urtetan AEK-rekin batera.

Java edizio originala osorik euskaratuta aurkituko dugu ordenagailuetan. Kontsoletan edo mugikorretan erabiltzen den Bedrock bertsioa, zoritxarrez, ez dago gure hizkuntzan. Mojangen bideojokoa zein euskaraz joka ditzakegun gainerako guztiak gure euskarazko bideojokoen zerrendan aurki daitezke.

Esan bezala, A Minecraft Movie filma apirilaren 4an estreinatuko da zinemetan, euskaraz.