Mojangekoek sortutako unibertsoak Nintendoren borroka jokoarekin bat egingo du. Borrokalariak bihar helduko dira Switchera.
Super Smash Bros. Ultimate eta Minecraft batera ikustea zale askorentzako ezinezko ametsa zen, baina Nintendok eta Mojangek bete egin dute. Minecrafteko pertsonaia ezagunenetakoak borroka joko ezagunera iritsiko dira.
Steve eta Alex protagonistekin batera Zombie eta Enderman arerioak kontrolatzeko aukera egongo da Smashen. Jatorrizko jokoko itxura izango dute, eta hortik hartutako hainbat mugimendu eta ahalmen berezi erabiliko dituzte.
Nola ez, jatorrizko bideojokoaren mekanikak ahalik eta modurik egokienean Smashera eramateko lanean jardun dute Nintendokoek. Borrokalari berriek hainbat tresna erabiliko dituzte: ezpata, kanabera, txiskeroa, dinamita, pika edota pala dira, adibidez. Azken bi horiekin material bereziak lortu eta erabilitako materialaren arabaera maila desberdinak edukiko dituzten objektuak sortu ahalko dira.
Izan ere, Minecraften gertatu bezala objektuak puskatu egingo dira. Are material hobeagoak erabilita gehiago iraungo dute: egurretik hasita diamanteak lortuko dituzte borrokalariek. Minatzerakoan zapaltzen ari diren lurra kontuan hartu beharko da.
Horren harira, blokeak sortzeko ahalmena edukiko dute Minecraftekoek. Bideak itxi edo gainera jauzi egiteko balioko dute, baina egindako materialaren arabera azkarrago suntsituko dira. Sakuraik azaldu duenez gaitasun horrek izugarrizko lana suposatu die garatzaileei: ezaugarri hau jokora gehitzerakoan gainerako kokaleku guztiak berregin behar izan dituzte.
Kokalekuei dagokienez, Minecraften oinarritutako borrokaleku propioa ere gehituko dute Smashera. Toki berberak sei aldaera desberdin edukiko ditu, bioma anitzekin.
Borrokalariek ere skin edo aldaerak edukiko dituzte: Stevek eta Alexek bakoitzak hiru jantzi izango ditu. Zombie eta Endermanekin zortzi izango dira Minecraftekoen aldaerak.
Eduki guzti hauek eta gehiago bihar bertan kaleratuko dituzte Switcherako.
Iruzkinak