2022an estreinatuko da Mojang-en betiereko jokoan bioma, arerio eta elementu berriak gehitzeko. Garatzaileen esanetan espantsioa “oso handia” izango da.

Minecon Live ekimena egin dute beste urte batez Minecraft arrakastatsuaren arduradunek. Bertan Mojangen bideo-joko ezagunari buruzko berritasunak eskaini dituzte, eta horien artean aipatzekoa da The Wild izeneko espantsioa.

“Jostagarritasun berria, sakontasun gehiago eta dibertitzeko gauza mordoa” gehituko dute eduki gehigarriarekin. Eguneraketarekin lurrazalean aurkitzen diren biomak hobetu eta eraberritu nahi dituzte. Hori lortzeko zingirak eta basaz beteriko guneak gehituko dituzte Minecrafteko paisaietan; horietan zapaburu eta igel mota desberdinak ikusiko dituzte jokalariek, altxorrekin betetako txalupekin batera. Basazko blokeak ere bildu ahalko dira horietan, ondoren adreilu bereziak sortzeko.

Deep Dark deitutako bioma ere ekarriko du The Wildek. Kasu honetan lurrazpiko kokalekua izango da: jokoak inoiz edukitako sakonena, zehazki. Argi gutxi sartuko da bertara, eta “ahalik eta handiena, sakonena, ilunena eta beldurgarriena” izatea nahi dute Mojangekoek. Kobazuloetan beldurra pasatzen duen horietakoa baldin bazara, hau ez da zuretzako bioma izango.

The Wild 2022an helduko da Minecraftera.

 

Minecraft, gero eta zabalago

Caves & Cliffs espantsioari buruzko berritasunak ere eskaini zituzten Mineconean. Uda honetan kaleratu dute eduki gehigarriaren lehen atala, eta orain bigarrena prestatzen ari dira garatzaileak. Mapen altuera aldatzera etorriko da hau: gunerik altuenen zein baxuenen mugak aldatuko dira, are mapa handiagoak egitea ahalbidetuta.

Argitaratze data zehatzik ez duen arren, Caves & Cliffs Part 2 “laster” kaleratzea espero dute Minecraften arduradunek. Apirilean urtea bukatu aurretik prest egongo zela adierazi zuten, beraz ikusteko dago hori beteko duten.

Azkenik, Minecraft PC Bundle deitutako bertsioa aurkeztu dute. Minecraft: Java Edition eta Minecraft: Bedrock Edition launcher bakarrean bilduko ditu honek. Bi joko desberdin izaten jarraituko dute, baina une bakoitzean nahiago duten bertsioa modu errazean aukeratzeko bidea eskaini nahi dute bildumarekin.

Gainera, Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan egongo da Minecraft PC Bundle. Azaroaren 2an merkaturatuko dutela agindu du Microsoft-ek.